GARA Euskal Herriko egunkaria

Haur negartiak bezala


Eric Logan WSLko zuzendariak ezohiko gutun ireki bat argitaratu behar izan zuen Gabriel Medina, Italo Ferreira eta Filipe Toledo brasildarrek sare sozialetan zabaldutako idatzien ostean. Izan ere hiru surflari brasildarrek WSLko epaileen lana publikoki gaitzetsi eta salatu ostean, WSLko ordezkarien, langileen eta epaileen kontrako mehatxuak zabaldu ziren, haietako batzuk heriotza mehatxuak izatera iritsi zirela.

Polemikak hartutako tamainaren aurrean, WSLk jasotako jazarpena arbuiatu eta jasotako kritikei erantzuteko, WSLko mezu ofiziala argitaratu zuen Loganek. Besteak beste, azaldu zuen txapelketa bakoitza hasi aitzin lehiakideekin bilkura bat egiten dela, txapelketa bakoitzeko olatuak desberdinak baitira. Eta, ondorioz, urautsi bakoitzean epaiketa irizpideak zeintzuk izango diren zehazteko surflariekin biltzen omen dira. Hortaz, desadostasunak egiteko une egokia hura zela nabarmendu zien kritikoei, eta oroitarazi zien igerilekuan epaileek erabiliko zituzten irizpideen jakitun zirela.

Gabriel Medina izan zen WSL erakundearen irizpideak kritikatzen lehena. Publikoki aditzera eman zuen marka izen batzuek ere haien desadostasunak agertu dituztela. Galtzeak sortzen duen haserrearen eta inpotentziaren adierazle garbia zen Medinaren idatzia. Gero, tonu erasokorragoan, Ferreirak ere mezu bat argitaratu zuen, haren karrera eta izaera goraipatuz eta bidean jartzen den orori bere «begietara begiratu» diezaiola mehatxu eginez. Eta azkenik, modu apalagoan baina ildo beretik jarraituz, Toledo ere batu zen «matxinadara».

Sare sozialetan itzelezko eztabaidak sortu dira. WSLko epaitze irizpideekin bat egiten ez dutenak asko dira. Horien artean WSLk «tranpa» egin duela baieztatzen duten hedabide ospetsuak ere badira, baina multzo berean bada beste azpimultzo bat, brasildarrek arrazoi izanagatik ere haien jarrera babesten ez duena. «Baby cry» esamoldea da gehien errepikatzen dena brasildarrak deskribatzeko garaian, alegia, haur negartiekin alderatzen dituzte. Eztabaida guzti honen aurrean badirudi ahaztu egiten dugula WSLren gibelean zer dagoen. Enpresa pribatu bat da, irabaziak egitea helburu duena, eta ez duena zertan demokratikoa izan, nahiz eta irudi hori eman behar duen eta mezu demokratikoak zabaldu behar dituen. Kapitalista da, AEBak zer diren oso ongi irudikatzen du, eta brasildarrek ere oso ongi irudikatzen dute Brasil, haien pasiozko kulturaz harago, haiek ere, AEBak kopiatu nahian, muturreko kapitalistak baitira.

Kritikoetako inork ez ditu gaitzetsi mehatxuak eta, gainera, haien jarraitzaileek zer egiten duten ezin dutela kontrolatu adierazi dute. Ferreirak argitaratu zuen idatzian bere burua goratzeko aipatzen zuen lehen meritua babesleengandik diru gehien jasotzen duen surflaria dela izan zen. Jordy Smith hegoafrikarrak erantzun zuen: «Ez nuke bere alde zentimo bat emango».