GARA Euskal Herriko egunkaria

Jaialdiak (II)


Arretaz irakurtzen ari naiz Euskal Herriko jaialdien bilakaera aztertzen duen Jon Urzelai Urbietaren ‘‘Su festak’’ saiakera. Jaialdi, ustez inokuoen, gaineko azterketa mamitsua da, eta Euskadi, mundu mailan, marka konpetitiboa bilakatzeko planean, musikak jokatzen duen rolaren gaineko aipamenak eta adibideak iruditu zaizkit argigarriak. Beraz, euskal musikari gisara dagokidan ardurarekin, hona hemen gure herriaren eta gure benetako nortasuna munduratzen laguntzeko interesgarria izan daitekeen jaialdi-sortaren proposamena. Adibidez, Hablame en Cristiano Basque Fest; gure hizkuntza milenarioaren gaineko jaialdi monografikoa. Tripako Mina Basque Parade- Basque Almax; euskal sukaldaritza eta musika uztartuko lukeen jaki-irenste kolektibo eta konpultsiboa. Eta ospa dezagun, merezi duen moduan, gure legendazko abegikortasuna; Pobre Go Home Festival-Basque Perfect Border. Besteak beste, mugazainen mundu mailako lehenengo topaketa egingo litzateke bertan. Eta ezin utzi aipatu gabe Basque(gentri)fication, gazteei zuzendutako musika eta ongizate leherketa. Espekulazioaren jaialdia. Azti ibili beharko da, akanpadarako lekuaren prezioa ordutik ordura aldatuko baita. Azkenik, gure jatorri industrialaren goraipamena egiteko: Basqueland Titanium; arkitekturatik protesietaraino, titanioak gure lurrean eta nortasunean utzi duen arrasto ezabaezinaren aitorpena. Bai, bai, musikari arduratsuoi ez zaizkigu proposamenak falta. Ez horregatik.