GARA Euskal Herriko egunkaria
TXOMIN PERURENA ZENDU DA

Txomin Perurenak agur esan digu, txirrindulari askoren maisu eta heroi

Txirrindularitza munduak atsekabe handiz eman zion atzo azken agurra Txomin Perurena Telletxeari, historiako euskal txirrindulari onenetarikoari. 79 urte zituela zendu zen oiartzuarra, bere ibilbide profesionalean 158 garaipen utziz 1963tik 1979ra bitartean eta betiko Top-10ean sartuz. Kirol zuzendari gisa, bi Vuelta irabazi zituen Marino Lejarreta eta Pedro Delgadorekin.

Txomin Perurena, 2013an, elkarrizketa baterako argazki batean. (Jon URBE | FOKU)

Euskal Herriko errepideak txirrindularitza proba garrantzitsuenari, Tourrari, harrera egiteko prestatzen ari diren honetan, kirol horrek albiste txar bat utzi zigun atzo. Izan ere, Txomin Perurena Telletxea txirrindulari ohia hil zen, 79 urterekin, gaixotasun baten ondorioz.

Euskal txirrindularitzaren historian egon den kirolari onenetarikoa izan zen Perurena eta bere garaipen zerrenda begiratu baino ez dago horretaz ohartzeko: 158 garaipen lortu zituen bere ibilbide profesionalean, 1963tik 1979ra bitartean, Kas, Fagor eta Teka taldeetan. Espainiako Vueltan, Euskal Herriko Itzulian eta Italiako Giroan egin zituen lorpen esanguratsuenak. Hamabi eskuratu zituen Vueltan, 11 Itzulian, eta bi Giroan.

Oraindik inork ez du bere zifra gainditu Euskal Herrian eta ondoren etorri ziren txirrindularien maisu bihurtu zen Perurena. 158 garaipen horiek balio handiagoa daukate, ez baitzituen edonolako aurkariak izan. Txirrindularitzako izar handienetako baten garaia zen; Eddy Merckxena. Garaipenen marka ere ez da nolanahikoa. Bere marka sei ziklistak soilik hobetu dute historian: Merckxek berak (283), Rik van Looy-k eta Mark Cavendishek (162), Mario Cipollinik (161), Roger de Vlaeminckek (161) eta Sean Kellyk (159).

EUSKAL PROTOTIPOTIK URRUN

Hori bai, Txomin Perurena euskal txirrindularien prototipotik urrun zegoen. Mendian nabarmendu ordez, teknikoki lur orotako kirolari gisa definitzen zuten. Esprintetan bere abiadura erabiltzen bazuen ere, erdi mailako mendietan ere nahiko trebea zen.

Vueltan, adibidez, hamabi garaipen erdiesteaz gain, puntuen maillotaren txapelduna izan zen 1972 eta 1974an. Gainera, 31 egunetan jantzi zuen maillot horia eta honek marka arraro bat ekarri zion: Vuelta irabazi gabe liderraren maillota egun gehienetan jantzi duen txirrindularia da.

«AMESGAIZTOA» ETXEAN

Hiru itzuli handitan parte hartu bazuen ere, 1975eko Vueltan izan zuen itzuli handietako bat irabazteko aukera. Baina Agustin Tamamesek eskuetatik kendu zion azken etapan. Donostian amaitu zen erlojupekoan, 14 segundoko aldeagatik galdu zuen Vuelta. «Amesgaizto» hau “Planeta ciclismo” aldizkarian kontatu zuen: «Bigarren geratzea bosgarren geratu izana baino okerragoa izan zen. Belodromora sartzean zegoen sekulako isilunea betiko geratu zitzaidan grabatuta. Asko esan nahi zuen, seinale txarra zen. Isilune hori eta oroitzapena ahaztezinak dira. Gaur egun oraindik gogoratzen dut amesgaizto moduan».

Bestalde, laugarren izan zen 1977ko Vueltan; bosgarren, 1974an eta, seigarren, 1972an. Giroan, bi etapa-garaipen lortu zituen eta Tourrean mendiko sailkapen orokorra irabazi zuen 1974an. Gainera, Espainiako errepideko txapeldun izan zen 1973 eta 1975ean, eta zilarra lortu zuen 1975ean eta brontzea 1971n.

Erretiratu ostean, Orbean, Caja Ruralen eta Euskadi Fundazioan (Euskaltel Euskadi izan aurretik) zuzendari lanak egin zituen. Bi Espainiako Vuelta irabazi zituen zuzendari postuan: lehenengoa, Marino Lejarretarekin, Tekan, 1982an; bigarrena, Pedro Delgadorekin, Orbean, 1985ean.

Tartean, GALek bere anaia Bixente, “Peru”, hil zuen Hendaian Angel Gurmindo “Stein” errefuxiatuarekin batera.