GARA Euskal Herriko egunkaria
JOPUNTUA

Amorrua energia eraldatzaile bilakatzeko erronka


Gure garaiko munduak amorrua produzitzen du itxaropena baino. Nagusitzen diren distopia katastrofikoak ez dira kasualitatezkoak, aroko ikurrak baizik. Halaber, zonbiaren irudiaren ugaltzeak zerbait esaten digu ergeltzen gaituen kapitalismo neoliberalaz. Etorkizuna irudikatzea saio arriskutsua bilakatu da, eta jende askok nahiago du egiten ez ausartu.

Inoiz baino beharrezkoagoa da, alta, etorkizuna pentsatzea eta egitea. Laura Quintana filosofoak arreta deitu du amorruaren kudeaketa ezberdinez. Politikarekiko atxikimendu eza mundua aldatzeko ezintasunaren pertzepzioarekin loturik dago. Etsipenaren aurrean, alternatibak eraiki eta zabaldu behar dituzte indar eraldatzaileek, eta erronka horretan oso inportantea da uztarketa afektibo eraginkorrak elikatzea. Jendarte harreman eta loturak berreraiki behar ditugu, badaudelako horiek jomugan dituzten bestelako uztarketak, esaterako, eskuin autoritarioak bultzatzen dituenak. Horietan amorrua berdintasunaren kontra bideratzen da, aniztasunari erasotzeko, egonezaren arduradunak non eta botere gutxien dutenen artean bilatzeko.

Uztarketa batzuk eta besteak elkarri korapilatuta agertzen zaizkigu batzuetan. Mundua hobetzeko desirak forma atzerakoiak hartzen ditu batzuengan, feminismoaren kontrako jarduera eta diskurtsoetan edo gure herrian batzuek planteatzen duten ezker subiranistaren aurkako estrategian, esaterako. Izan ere, jendarte zapuzketen kudeaketaren inguruan ematen diren lehiak oso garrantzitsuak dira bizi garen aroan.

Maiatzaren 28ko EH Bilduren emaitzak uztarketa afektibo eraldatzaileak elikatzeko gaitasunaz mintzo zaizkigu. Ezker subiranistak berdintasuna produzitzen du, baita berdintasun desira ere: amorrua indar eraldatzaile bilakatzen du. Eta hori, gaur egun, ez dago denon eskuetan. Zalantzarik izanez gero, begira nola dagoen espainiar eskalako ezkerra, amorrua bideratu ezinean, amorrua pizten ari delarik!