GARA Euskal Herriko egunkaria
JOPUNTUA

Globoekin jolasean


Iazko azaroaren 14an Balin elkartu ziren Joe Biden, AEBetako presidentea, eta Xi Jinping, Txinakoa. Itxaropen dezente zuten batzuek bilkura haren inguruan: aurreko 20 hilabeteetako goi harremanak hutsaren hurrengoak ziren, Anchorageko tren talkaz geroztik...

Bilkuraren ondoren alde bakoitzak argitaratu zituen adierazpenak pentsarazi zidaten Baliko sumendiak sagutxo batez erditu zirela: emaitza ukigarri bakarra zen Blinken estatu idazkaria Beijingera joango zela berandu gabe. Bi monologoren mihiztaketa gurutzatua zirudien gainerakoak.

Blinkenen bisitaldia otsailaren lehen asterako adostu zen, agidanez. Baina, hara non, hura hasteko orduak falta zirenean, Estatu Batuetako zeruetan globotzar zuri bat agertu zen, Txinatik omen zetorrena. Batzuek ziotenez, espioitza-tresna zen eta besteentzat meteorologia tresna deslaitua zen. AEBek globoa eraitsi zuten misilez, eta lau hilabete geroago ez dugu haren espioitza-tasunen berririk izan. Istorio haren harira, ordea, Blinkenek bere bisitaldia bertan behera utzi zuen azken orduan.

Ondorengo hilabete hauek erakutsi dute, agian, gibelaldean, gorabeherak beste nonbaitetik etor zitezkeela. Handik bi astera, prime timean, irristada nabaria izan zela dirudien zerbait egin zuen Blinkenek: Txinako agintariei leporatu zien Errusiari armak saltzea erabaki izana. Handik ordu gutxira, estatubatuar inteligentzia zerbitzuek «armak saltzea pentsatzen ari zirela Txinako agintariak» urardotu zuten kontua. Eta geroztik ez da txinatar armen berririk izan inon.

Ez da Txinako kontuetan bereziki aditua izan behar, gorabehera horien ondoren, azkenean aste honetan edo egingo omen duen bisitaldian Blinkenek Beijingen aurkituko duen giroa imajinatzeko. Gainera, berriro hitzorduaren atarian, beste globo bat agertu da; WSJk dio, bere ohiko iturri misteriotsuei esker, Txinak Kuban espioitza-estazioa eratu berri duela, Estatu Batuak zelatatzeko, noski.

Hutsezinezko formula da egungo AEBetan: Txina-espioitza-Kuba. Eta puztu globoa.