GARA Euskal Herriko egunkaria
KOLABORAZIOA

CAFeko akziodunen batzarra: Deserrotze industriala eta langileon bazterketa


CAFek 13.000 milioi eurotik gorako eskaera zorroa du, eta prentsa titularrak betetzen jarraitzen du lortzen dituen esleipen berriekin. Multinazionalaren dinamikak ez du etenik, eta mundu osoan trenen zein autobusen kontratuek eta mugikortasunerako hainbat zerbitzuk gaur egun Martínez Ojinaga buru duen enpresaren kontuak gizentzen jarraitzen dute.

Ekainaren 10ean egin du CAFek urteko akziodunen batzarra. Zifra eta datu gehiegizkoen ospakizun handi honetan, enpresaren hedatze politika ikusarazi dute berriro, beste edozeren gainetik etekina eta dibidenduen banaketa lehenetsiz.

Espantsionismo hori, deslokalizazioaren sinonimoa ez bada ere, kontzeptu horri oso lotuta dago. CAFek etengabe zabaltzen ditu lantegi eta filial berriak munduan zehar, eta «low cost» azpikontratazio politikekin jarraitzen du, adibidez erosketa edo ingeniaritza sailak hedatuz Polonia edo India bezalako herrialdeetara. Tren materiala ere prezio «lehiakorragoan» ekoizten du Mexikon, edo Beasainen ekoizteko programatutako ehunka trenen fabrikazioa Frantziako lantegietara eraman du, ulertzen ez ditugun interesengatik. Ziurta dezakegu enpresaren hazkundeak ez duela eragin proportzionalik Euskal Herrian enplegua sortzen eta aberastasuna banatzen.

Era berean, eta bide horretan, enpresaren gerentziak urrats berriak ematen ditu nazioarteko legezkotasuna eta giza eskubide oinarrizkoenak mespretxatuz, Jerusalem Ekialdeko tranbia polemikoaren fabrikazioarekin. Behin eta berriz hori azpimarratu nahi badute ere, apartheidaren trena ez da ohiko proiektua, kolonizaziorako legez kanpoko tresna baizik. Gainera, zaila da epe ertainean konpainiari horrelako lur nahaspilatsuetan sartzeak ekar diezazkiokeen ondorio komertzialak baloratzea.

CAF SAko langileok enpresan akziodun nagusiak gara. Partaidetza hori kudeatzen duen sozietatearen bidez, CAF taldeko akzioen %24 dugu. Hala ere, langileon aldetik ez dugu enpresaren erabakietan eragiteko baliabide organikorik. Datorren astean ez gara akziodunen batzar orokorrean egongo, ezta langileei hitza emateko beste foro batean ere. Antza, ADEGIk aldarrikatzen duen enpresa kultura berriak ez du eraginik CAFeko jauntxoengan.

LAB sindikatu nagusia da Euskal Herriko CAFeko lantegietan. Horrela, enpresa eredu etikoago eta gizatiarrago baten bidez konpainia errotzea bultzatzen jarraituko dugu, baita Euskal Herrian enplegua sortu eta aberastasuna banatzea ere. Horretarako, garrantzitsua iruditzen zaigu langileoi enpresako administrazio kontseiluan ere hitza ematea. Ildo horretan, berriz ere eta oraingoan modu publikoan eskatzen diogu CAFeko Zuzendaritzari, enpresako akziodun nagusiari, langileoi hain zuzen ere, industria erabakietan parte hartzeko bidea ireki diezagun.