GARA Euskal Herriko egunkaria
TXIRRINDULARITZA

Iker Mintegi Euskaltel taldera igoko da

Iker Mintegi, sari batzuekin. (Oskar MATXIN | FOKU)

Iker Mintegi (Laboral Kutxa) profesional mailan lehiatuko da datozen bi denboraldietan Euskaltel-Euskadi taldean. Txirrindulari nafarra harrobiko talde amateurretik igoko da eta bi urterako kontratua sinatu du, 2024rako eta 2025erako, hain zuzen.

Euskadi Fundaziokoek nabarmendu zutenez, Mintegi (Altsasu, 2002) Pro Team taldera igotzeak «harrobiaren eta prestakuntzaren filosofia berresten du, baita Euskaltel-Euskadiren etorkizuneko apustua ere».

Txirrindulari nafarrak hiru denboraldi egin ditu Laboral Kutxan 2021etik, «urtetik urtera hazi egin da, kirol mailan aurrerapausoak eman ditu, eta taldekide handia dela eta proiektuaren mailan balioak dituela ere erakutsi du».

Horrela, Iker Ballarin (2020), Xabier Mikel Azparren (2021), Asier Etxeberria, Unai Iribar eta Xabier Isasa (2022) eta Enekoitz Azparren eta Xabier Berasategiren (2023) urratsak jarraitu ditu Mintegik, harrobiko gazte horiek jauzi bera egin baitzuten eta multzo profesionaleko taldekideak baitira egun.

Txirrindulari nafarrak «beste jauzi bat» egin du 2023an, bere emaitzek erakusten dutenez: garailea Lazkaon eta Nafarroako Itzuliko etapa batean, Nafarroako txapelduna, Valenciagaren Oroimenezkoan bigarren, Gorlako Igoeran bosgarren, Bidasoko Itzulian zazpigarren, Legazpin bederatzigarren eta Euskaldun Txapelketan bigarren mantentzen da.

Iaz, Euskaltel-Euskadiko maillot laranja jantzi zuen stagiaire moduan, Arctic Race proban, eta 23 urtez azpiko Italiako Giroan ere lehiatu zen. Aurten, Orlen Nations Grand Prix itzulia jokatu du Espainiako selekzioarekin. Beheragoko mailetan, Altsasuko Burunda Txirrindularitza Taldean trebatu zen.

«SARIA»

Iker Mintegik adierazi duenez, «Euskaltel-Euskadirekin profesionala izatea jarraitutasunaren eta banakako zein taldeko lanaren saria da. Hiru urte eman ditut Laboral Kutxan, prestakuntza talde horretan aurrera egin ahal izan dut, eta horri esker jauzi hau egin dut». Txirrindulari gisa, ihesaldietan mugitzea gustatzen zaiola esan du, eta aurten emaitza gehiago lortu dituela talde txikietan, esprintean edo igoeretan. «Ibilbide guztietan ondo moldatzen naizela uste dut. Ondo defendatzen naiz gora, eta abiadura ere badaukat», adierazi du.

Jorge Azanza kirol arduradunak azaldu du Mintegik 23 urtez azpiko mailan aurrerapausoak eman dituela. «Sendotu egin da eta jauzi handia egin du, ez bakarrik emaitzei begira, baita erregulartasunari begira ere», gaineratu du.