GARA Euskal Herriko egunkaria

Aurreikusitakoa baino uda luzeagoa izango da nafar Gobernua eratzeko

Tirabirak, Nafarroan. (Jagoba MANTEROLA | FOKU)

Iruñean gertatutakoak Nafarroako Gobernuaren eraketa baldintzatzen ote duen galdetuta, Joseba Asironek adierazi zuenez, «erakunde desberdinak dira, hauteskunde testuinguru desberdinak». «Horrek beste negoziazio mota bat darama, ibilbide propioa du eta dagokionarekin egingo da. Iruñean gertatzen denak ez du Gobernuan gertatzen dena ehuneko ehunean baldintzatu behar», gaineratu zuen. Hala ere, ondorioa argia da. «Ez da hasiera ona».

Ildo beretik mintzatu zen Laura Aznal, koalizioaren lehendakarigaia, eta adierazi zuen askotan esan dutela erakunde guztietan lan egingo zutela gehiengo aurrerakoia «behin betiko sendotzeko». «Horixe egiten jarraituko dugu erakunde guztiei eta etorkizuneko Nafarroako Gobernuari begira», adierazi zuen Aznalek.

Izan ere, nafar hiriburuaz gain, Eguesibar, Barañain, Lizarra eta beste toki batzuetan errepikatu zen Iruñeko jokaldia. Eta PSNren jarrera ez zen EH Bilduren aurka egitera mugatu. Larunbateko ustekabeetako bat Castejonen gertatu zen, non UPNk Alkatetza PSN-ren botoei esker lortu zuen. Indar bozkatuena Izquierda Unida-Contigo izan zen, eta nahikoa zuen, PSNk botoak UPNri eman izan ez balizkio.

Horrek eragina izan dezake Nafarroan. Izan ere, alderdi horretatik, konfiantza berreskuratzea «ez da erraza izanen», adierazi zuten. «Itun zital» gisa definitu zuen IUk eta Carlos Guzman parlamentariak bere alderdiko jendearentzat «kolpe gogorra» izan dela onartu zuen.

POSIZIOAK

Atzokoari nafar Gobernuaren osaketarako negoziazioetan azken astean izan diren tirabirak gehitu behar zaizkio. Oraindik sua txikia bada ere, bada sugarrik. Asteazkenean Geroa Bai ez zen PSN eta Contigo Zurekinekin adostutako bilerara agertu, «lehentasunezko bazkidea» izan nahi duelako. Eta, noski, hau ez da koalizio morearen gustukoa izan. Denek nahi dute haien posizioa nolabait sendotu.

Beraz, aurreko legealdiko hiruko akordioa berritzeak erraza bazirudien ere, bidean harriren bat gainditu beharko dela dirudi. Uda luzea dator Nafarroan.