GARA Euskal Herriko egunkaria
PILOTA

Arauntzako maiorazkoa bertan behera utzi du Unai Alberdik

Anaia nagusiari profesionaletan lehen aldiz irabazita, Bizkaia Torneoko finalean sartu du Anboto taldea eta Peñaren kaiolako garaipena osatu du.

Jon Alberdik amore eman zuen anaiaren aurka. (Gorka RUBIO | FOKU)

Maiorazkoa amaitu da Azpeitiko Arauntza baserrian, eta anaia zaharrari profesionaletan zuriz jantzita lehen aldiz irabazita (18-11), Bizkaia Torneoko finalean sartu zuen Unai Alberdik Jon Ander Peña eta Artola-Albisuk osatzen duten Anboto taldea. Egokiago esanda, buruz buruko lehiek eman zioten txartel hori, lau eta erdikoan Peñak lortutakoak adina balio izan baitzuen azpeitiarraren puntuak, baina kanporaketa azken partidan eta anaien arteko desafio batean erabakitzeak pisu berezia eman diote Alberditarren arteko demari.

Eta lehia erabakigarri horretan, lesio luze bat gaindituta bere maila onenera itzultzen ari den Unai Alberdi merezimendu guztiz nagusitu zitzaion orain arte etxeko aginte makila zeraman Jon anaiari. Saketik hasita, pilota luzeago eta biziago erabili zuen eta tantoak amaitzerakoan ere fin aritu zen. Dirua kontra zuen arren, ia hasiera-hasieratik partidaren kontrola anaia gazteak eraman zuen, Alberdi I. gehienean muturrean jokatzera behartuta. Iazko maiatzean, Promozio mailako Buruz Buruko finalerdian Jon erraz samar nagusitu bazen ere Urduñan, atzo Durangotik bueltan anaia gaztearen adarjotzeak sufritzea tokatuko zitzaion, horrek porrota batere gozatuko ote zuen oso argi ez dugun arren.

PEÑA, BIZIAGO

Oporren aurretik Iraitz Zubizarreta maila ona emana zen kaiolan jokatutako azken neurketetan, baina atzo amore eman behar izan zuen pilotari abiadura bat gehiago sartu zion Jon Ander Peñaren aurka (18-9). Uneren batean tolosarrak eskuin beso horretan uzkurduraren bat edo bazuela ematen zuen arren, sakeari abiadura handia eman zion, sake-bueltan ere asko asmatu zuen eta hor egin zuen zulorik handiena. Zubizarretak ere izan zuen sustorik, markagailuan 9-3 atzetik zihoala, pasatako pilota bati kolpea bota, eta pilotak betondoan jo zuelako ezkerparetan jo eta gero.

Binakako partidan, sendotasuna, batez ere alerik galdu ez zuen Ander Imaz oso seguru batena, izan zen Oiz taldeko pilotariei bizirik jarraitzeko beharrezkoa zuten puntua eman ziena, Artola-Albisuri 22-15 gailenduta. Partida hasiera orekatu samarra izan bazen ere, oso deseroso aritu zen Albisuk huts asko pilatu zituen (10) eta erraz ihes egin zuten gorriek.