GARA Euskal Herriko egunkaria

Errugbiaren eskola


Bizitzaren eskola errugbia dela askotan entzun dut, zintzotasuna, elkartasuna eta diziplina, pasioa, ohorea eta errespetua balore gisa. Jokoan sartzen omen zara, eta ez zara ateratzen, sekta bat dirudi, baina talde bat da. Honela, gaiaren inguruan etnografia egin da, filosofiari heldu zaio, eta literatura sortu da; partikularki, hedatzen dituen izpi kolektiboek diz-diz egiten didate, egun lehiakortasuna eta fama lehenesten duten kirolen aitzinean. Egia izango da Jean-Pierre Rives jokalari mitikoak errana: «Le rugby, c'est l'histoire d'un ballon avec des copains autour et quand il n'y a plus de ballon, il reste les copains». Errugbia baloi baten inguruan dauden lagunen historia dela, eta baloirik ez dagoenean, lagunak gelditzen direla.

Artista da hura, kirola utzi eta gerora eskultore ezaguna. Gu ere lagunak, baina telebistari begira, Top 14ko finala jokatu baita asteburuan, Arroxela Tolosaren kontra, azken hau Okzitaniakoa, euskaraz Gipuzkoakoa bezala deitua, baina Stade Toulousain gisa ezagutua. Ohituta daude irabaztera, eta irabazi egin dute, baina ukitu nau nola zoriondu dituzten arerioak, haiek ere merezi zutela garaipena, laudorio sinesgarriak.

Donostian jokatu ziren finalerdiak, historian lehen aldiz, eta bitxia da Frantziako kirol garrantzitsu baten ospakizuna haren lurretik kanpo ikustea hautsik harrotu gabe, zaleek naturaltasunez jarraitzen dutela haien kluba nonahi eta iskanbilak sortzea ez dela jokoaren parte. Badago zer ikasi errugbian, bai.