GARA Euskal Herriko egunkaria
INDUSKETAK IRULEGIN

«Potentzial handiko» gune berri bat induskatzen ari da Aranzadi Irulegin

100 metro karratuko «potentzial handiko gune bat» da eta Aranzadi Zientzia Elkartea hiru hilabetez izanen da bertan, Historia eta Arkeologiako ia ehun ikaslerekin batera. Burdin Aroko kronologia desberdinetako hiru herri gainjarrita daude, eta hauek induskatzen jarraitzea «funtsezkoa da duela 2.000 urteko baskoien gizartea hobeto ulertzeko».

Astebete daramate lanean eta dagoeneko berreskuratu dituzte hainbat pieza. Irudian, garbiketa lanetan. (FOKU)

Irulegiko aztarnategian datozen hiru hilabeteetan egingo duen arkeologia kanpaina aurkeztu zuen atzo Aranzadik, iazko azaroan Irulegiko Eskua aurkitu eta aurkeztu ondorengo lehena. Inoiz bertan egin duten indusketa kanpaina luzeena izango da eta jendetsuena, ia ehun ikaslek lagunduta ariko dira-eta.

Agerraldia aztarnategian iragarrita baldin bazegoen ere, eguraldiaren ondorioz Ilundainen egin zuten Aranzadi Zientzia Elkarteko kideek. «Horrelakoa da gure lana, beti zeruari begira, nekazariak bezala», adierazi zuen Irulegiko aztarnategiko zuzendari den Mattin Aiestaranek. Baina dagoeneko berreskuratu dituzte hainbat pieza, astebete baitaramate lanean, eta atzo hauek garbitzeko lanetan ari ziren Gongora jauregian, aztarnategian aritzeko baldintza onenak ez ziren-eta. Irailaren 17ra arte luzatuko da kanpaina.

Hiru hilabete hauetarako helburu batzuk zehaztu zituen Aiestaranek: orain arte ezezaguna zen 100 metro inguruko eremu bat induskatzea. «Orain arte egon garen tokiari jarraiki, orain arte ireki ditugun bi etxebizitza eta kale horiei jarraiki, beste aldeko auzoa ikertzen ahaleginduko gara. Badakigu egindako miaketa geofisikoei esker potentzial handia duen gunea izanen dela», azaldu zuen.

Funtsean, eraikin oso bat induskatu eta Irulegiren eskua agertu zen herriaren okupazio faseen ikerketan sakontzea da kanpaina honen jomuga. «Badakigu Burdin Aroko gutxienez kronologia desberdinetako hiru herri gainjarrita daudela», eta hauek induskatzen jarraitzea «funtsezkoa da duela 2.000 urteko baskoien gizartea hobeto ulertzeko».

Bertan emaitza «onak» aurkitzea aurreikusten dutela adierazi zuen, aztarnategia «sekulakoa» dela argudiatuta. «Baditugun galdera arkeologikoei erantzutea, lehenagotik datorren ibilbide zientifiko eta tekniko horri jarraipena ematea, eta urtero sortzen doazen galderei erantzunak ematea da helburua», adierazi zuen indusketaren zuzendariak.

Aranzadi Zientzia Elkarteko arkeologo teknikariek Historia eta Arkeologiako ia ehun ikasleren laguntza izango dute. Hauei formakuntza eskainiko zaie, bai praktikoa, bai teorikoa. Ikerlari gazte hauek babesteko crowdfunding kanpaina bat abiatu dute. Azaldu dutenez, laguntza hori aztarnategi batzuetarako bisitekin sarituko dute, horien artean Irulegikoa.

ESKUA, NAFARROAKO MUSEORA

Aiestaran zenbait ikertzailek lagunduta egon da gaurko agerraldian; Nafarroako Gobernuko arkeologia teknikari Jesus Garcia Gazolaz eta Aranguren bailarako alkate den Manuel Romero ere bertan izan dira. Gazolazek jakinarazi zuenez, Nafarroako Gobernuaren arkeologia funtsetan zainduta dagoen Irulegiko Eskuaren zaharberritze prozesua osatzen ari dira, eta «epe laburrean» Nafarroako Museoan erakusteko helburua daukate.

BISITA JASANGARRIAK

Romerok onartu du Eskuaren aurkikuntzak Udalak aurreikusita ez zuen «ikusmin handia» sortu duela. «Azpiegiturarik gabe harrapatu gintuen». Hau iraultzeko asmoz, jakinarazi zuen agerraldia egin zuten soroa uztailaren erdirako «aparkaleku berde» bihurtuko dela.

«Eskua herritar guztiek bisitatu ahal izatea» nahi du Arangurengo alkateak. Hori bai, «herriek aurretik zuten bizitza aldatu gabe», nabarmendu nahi izan du, turismo «jasangarri» baten alde eginez.