GARA Euskal Herriko egunkaria

Euskal Herria Zuzenean, hiru egunez kultur sorkuntzaz gozatu munduari leihoa irekiz

Irisarri azken prestakizunetan da ekainaren 30etik uztailaren 2ra EHZ jaialdia hartzeko. Sortzaileentzat erakusleiho aparta da eta kontzertuekin, animazioekin... haur, gazte zein helduk izango dute non gozatua. Munduari leihoa ireki eta inguratzen gaituen errealitateari ere erreparatuko zaio, hausnarketari bide eginez.

Liher taldeko kideak Irisarrin izango dira datorren asteburuan. (Iratxe ETXEANDIA)

«Belaunaldi eta gustu guztiei zuzendutako kalitatezko eskaintza oparoa» prestatzea izan dute helburu antolatzaileek edizio honetan.

Zuzeneko musika emanaldiei dagokienez, Habia, Muare, Liher, J Martina, Kuma No Motor, Willis Drummond, François del mundo, Mandarine, Belako, Akts eta Madmadmad igoko dira agertokira lehen egunean, ostiralean.

Hurrengo egunean, Alarma Morea, MICE, Dia DJ’s, Billie Brelok, Ixabe, Arima, Ada Oda, Nize, Gatibu, Aho Zakil Konekxion, Zetak, Ztah, Krav Boca eta Vapa taldeek hartuko diete lekukoa. Atzarbale, Afrika Bibang, Daudane, Sofa, Kolinga, Pisoo & OPH, Kristonak, Estelle. D, Soulfly eta FM Belfast taldeen parte-hartzearekin esango du agur jaialdiak.

ANIMAZIOAK PLAZAN

Irisarriko plazan hainbat ikuskizun izango dira. Larunbatean Otxo bikoteak irekiko du eguna. Ondotik, bertso-poteoak herriko plaza errimaz koloreztatuko du, Txiki bakarkako umoristak eszena hartu aurretik. Hika Teatroa & Oinkari-k dantza eta antzerki ikuskizuna eskainiko dute arratsaldez eta Ipar Euskal Herriko hainbat rap kantari biltzen dituen RTZ kolektiboak saioa emango du zuzenean. Tartean, Ixtaklok eta Zozongo txarangek eguna alaituko dute. Igandean, berriz, Eguna Zigante eta Gaiteroekin hasiko da. Txingili’k taldeak “Lehen txinka” ikusgarria eskainiko digu eta dantzarekin segitzeko Ertza konpaniak “Otempodiz” sorkuntza berria eramango du plazara.

Horrez gain, arratsalde bukaeran Bilabal-ko musikariek animatuko dute dantzaldia. Eta gainera, Cumbiam’bero-k, Txaranga Jaiak, Goxua’n salsa-k, Patxarangak eta Bahez taldeek plaza girotuko dute egun osoan.

Urtero bezala, Euskal Herriko Laborantza Ganberak (EHLG) EHZko zikiro tradizionala egingo du Irisarriko Airoski gelan.

ANTZERKI GUNEA

Bada berrikuntzarik aurten, antzerki gune berezia prestatu baitute. Larunbatean Cie ZeC zirku konpainiak “Segime” sorkuntza eskainiko du eta igandean Tartean teatroak “Ez dok ero” ikuskizuna.

Etxeko txikienek egitarau berezia izango dute Haurren Xokoan. Gaia elkarteak jokoak animatuko ditu larunbatean eta igandean Oreka zirku elkarteak tailer bat emango du. Egun guztian zehar puzgarriak, egurrezko jokoak eta beste hainbat animazio izango dira bertan.

MAHAI-INGURUAK

EHZ jaialdiak, euskal taldeen sorkuntza lanak bertatik bertara ezagutzearekin batera, hausnarketa du ardatz. Ospitalea eraikinean hainbat erronkaren inguruan eztabaida eta mintzaldiak antolatuko dira. «Egunero bizitzen ditugun problematikei buruz gogoetatu ahal izateko gunea da gure festibala -antolatzaileen esanetan-. Horregatik, elkar trukaketa eta hausnarketa aldia ahalbidetuko duen gune eta tarte bat proposatzen ditugu, eduki politikoari garrantzi nabarmena eskainiz eta formakuntza eskaintza zabal eta aberatsa proposatuz».

Eskaintza politikoak lehentasunezko tokia du egitarauan: tailerrak, hitzaldiak, mahai-inguruak... Bost gai nagusi jorratuko dira aurten, eta «formakuntza eta hausnarketarako momentu bat eskainia izanen zaio parte hartzaile orori, elkarrekin gogoetatuz eta jakintza teoriko zein praktikoak partekatuz. Kontsumitze soiletik harago, festibalariak aktore bilakatzea dugu xede, interakzioa piztu eta bere parte-hartzearen bidez ekarpenak egitea sustatuz».

Euskararen aldeko borrokak suspertzeko ekintzak izango dituzte hizpide. Euskaltzale gisa, zer egin dezakegu konkretuki gure hizkuntzari zentraltasun handiagoa emateko? Ze lotura dago euskararen aldeko borroka eta mundu hobe baten aldeko borroken artean? Zein lotura munduko hizkuntza zapalduen artean? Nola pasa diagnostikotik ekintza zuzenera?; horiek dira mahai gainean jarriko diren galderetako batzuk.

Energia, kalitatezko elikadura eskuragarri izateko beharra, frantziar Estatuko azken zazpi urteotako borroka sozialak eta errepresioaren lekukotasunak bezalako gaiak ere jorratuko dira.

Kurdistanera begira ere jarriko dira Berivan Firat militante politiko kurduaren eskutik. «Gazte-gaztetatik demokraziaren alde, emazte kurduen eskubide eta askapenaren alde borrokatu da. Rojavaren alde egin duen lanagatik ere egin da ezagun. PKKn zen bere semea galdu du, Daexen kontrako borrokan. Orain, frantziar Estatuko Kontseilu Demokratiko Kurduaren kanpo harremanen boz eramailea da. Kurdistango egoeraz, Rojavaz eta hango borrokaz atera daitezkeen irakaspenez arituko da hitzaldian», iragarri dute. Ukrainak bizi duen egoerari ere jarriko zaio fokua antolatu diren saioetan.

KANPALEKUA

Lo egiteko aukera izango da kanpalekuan, doan. «Soilik festibaleko passa ukanen dutenei irekia izanen da. Laguntzaileei bereziki zuzendua izanen zaien beste kanpaleku bat izanen da ere. Bertan, aparkalekuak aurreikusiak dira ehunka autorentzat, doan, eta aparkaleku berezi bat izanen da furgonetentzat», argitu dute antolakuntzatik.

Ostatua, trafiko zirkulazioa, jatorduak, segurtasuna, brigada berdea... urtero bezala, ehunka laguntzaile lanpostu ezberdinetan txandakatuko dira festibala aurrera ateratzeko. Bestela ezin. Denen beharra dutela aipatu dute antolatzaileek. Izan ere, EHZ ez da bakarrik hiru egunetara mugatzen. Gunearen muntaketa prestaketak hasiak dira eta beso zabalik hartuko dituzte laguntzaileak. «Auzolana, elkarlana eta engaiamendu militantea EHZren oinarrizko baloreak dira», nabarmendu dute sustatzaileek.

Aipagarria da aurten Ipar Euskal Herriko leku ezberdinetatik autobusak antolatu direla. Maule, Garazi, Baiona eta Hendaiatik, hain zuzen ere. Txartelak www.ehz.eus webgunean salgai dira 6 euroan.

Hiru eguneko sarrerak eta egunez eguneko sarrerak eskura daitezke, aurrez, merkeago. Irisarrin bertan ere eskuratu ahal izango dira.