GARA Euskal Herriko egunkaria

Helduaroa


Urtero gisa, Espainiako Guadalajaran egon ginen bertan ospatzen den Ipuin Maratoiaz gozatzeko. Maratoia izendatzea ez da hutsala, izan ere, ostiraletik igande eguerdira arte, gau eta egun ipuinak etengabe entzun daitezke, nahi duen orok ipuin bat kontatzeko aukera duelarik. Horrez gain, ikuskariak antzokian eta kaleetan egoten dira, betiere kontakizunak ardatz. Kontalariontzat topagunea ere bada. Lagun zaharrak agurtu, berriak egin, zerbeza batzuen bueltan bizitzaz eta ofizioaz hitz egiteko aukera paregabea ematen digu. Aukera ematen digu kontalaritzaren osasuna nola dagoen jakiteko, ez bakarrik ikuskarien proposamenen gainekoak, baita ere, programazioei buruzko informazioa jasotzeko. Eta azken honek ez du uzten baikorrak izaten; batez ere, helduentzat antolatzen diren saioak hartzen baditugu kontuan.

Helduei zuzendutako kontalaritza saioak anekdotiko bihurtzen ari dira orokorrean; liburutegi batzuetan mantentzen dituzte, zorionez, baina kultur programazioetan inexistentziara kondenatuak daude. Larriena da honek zirkulu maltzurrean sartzen gaituela: helduentzat emanaldiak antolatzen ez direnez, haurren kontua dela uste da; eta helduentzat proposamenak gutxi direnez, ez da helduentzat programatzen. Ondorioz, publiko helduak ez du hartzen kontalaritza berari zuzendutako kultur proposamen gisa. Eta zirkulutik ezin irten. Helduei zuzendutako kontaketa saioek leku duina izan behar lukete programazioetan. Deabru zirkulutik irteteko. Noiz helduko ote zaio helduaroa kontalaritzari?