GARA Euskal Herriko egunkaria
EDITORIALA

Hurrengo urratsa, baxoa ere euskaraz egitea


Martxoan Hezkuntza Ministerio frantsesarekin lortutako akordioaren ondoren, aurten Seaskako ikasleek euskaraz egin ahal izango dute brebeta azterketa. Egunotan jakin denez, Bretainiako Diwan ikastetxeko ikasleek bretoieraz egin ahal izango dute. Ikastetxe horretako hamaika ikaslek azterketa bretoieraz egiteko erabaki irmoa hartu zuten, bere garaian Seaskako ikasleek egin zuten moduan. Orduan, Ministerioak azterketa horiek zuzentzea debekatu zuen. Erabaki horrekin barregarri gelditu ziren orduko arduradunak; izan ere, ikasketekin jarraitzeko nahitaezko azterketa ere ez den brebetaren kasuan, ez du zentzu handirik erabaki hain zorrotza hartzeak. Badirudi oraingoan zuhurtasuna nagusitu dela Ministerioan, bere jarrera berriz pentsatu baitu, eta ikasle bretoiek azterketa urtean zehar ikasten duten hizkuntza berberean egin ahal izatea onartu.

Ildo horretan, gogoratu behar da aurtengo otsailean dozenaka lagunek okupatu zutela Bordeleko Irakaskuntza Ministerioaren egoitza, eta hurrengo egunean Bordeleko akademiako errektoreak Euskal Herrira egindako bisitarekin batera, protesta ugari izan zirela. Ezbairik gabe, presio eta mobilizazio soziala erabakigarriak izan dira Ministerioaren jarrera aldatzeko. Badirudi, hemendik aurrera ere, mobilizazio soziala izango dela bidea hizkuntza eskubideak bermatzeko. Presioa ahultzen den bakoitzean, atzera egiten du Ministerioak.

Ikasgai baten azterketa ikasgelan erabilitakoa ez den hizkuntza batean egitera behartzeak helburu bakarra du: hizkuntza gutxituei balioa kentzea hizkuntza oso gisa, eta ikasketetan hizkuntza hori erabiltzen duten ikasleen kezka eta egonezina eragitea. Jakobinismo frantsesaren asmo homogeinizatzaileak espero ez zuen erantzuna aurkitu du, eta gainera, Hexagonoko beste nazio batzuetara zabaldu da.

Brebeta azterketa euskaraz edo bretoieraz egitea frantziar Estatuko hizkuntza gutxituetako irakaskuntza errealitate bihurtzeko beste urrats bat da. Baina borroka gehiago daude oraindik. Horien artean, bigarren hezkuntza amaitzeko azterketa, baxoa, euskaraz edo bretoieraz ere egin ahal izatea.