GARA Euskal Herriko egunkaria
KOLABORAZIOA

2023ko Tourra Euskal Herrian. Aprobetxa dezagun!


Egun bat baino ez da falta mundu mailan ospe handiena duen kirol ekimen nagusietako bat Euskal Herrian, gure artean, izateko; uztailaren 1ean lehiatuko da lehen etapa, Bilbon hasi eta bertan amaituko dena; bigarren eta hirugarren etapak ere euskal errepideetan barrena lehiatuko dira; bata, Gasteiz eta Donostia artean, eta, bestea, Amorebieta-Etxano eta Baiona artean. Eta, uztailaren 5ean, 5. etapan, Zuberoa ere -Atharratze, Santa Grazi, Soudet mendatea- zeharkatuko du. Beraz, aipatu egun horietan, mundu mailako txirrindulari onenak bertatik bertara ikusteko aukera izango dugu inguru horietan guztietan eta, esan gabe doa, aukera horrek, txirrindularitza zaleen gehiengoarengan poza baino ez duela sortuko, jakina baita txirrindularitzak gurean duen jarraipen zabala. Baina hori horrela izanda ere, egon badaude Tourra gurera ekartzearen truke euskal herritarren poltsikotik atera diren hamabost milioi euro edo gehiago horretan gastatzeko erabakia konpartitzen ez dutenak; alegia, merezi ote duen zalantzan jartzen dutenak eta, are gehiago, Euskal Herriko hainbat proba garrantzitsu urtetik urtera desagertzen ari direnean, gure instituzio publikoen aldetik behar duten babes eta laguntzarik jasotzen ez dutelako. Zentzu horretan, galdera zera litzateke: herritarren sosak inbertitzeko garaian, merezi du horrelako ekimen erraldoi bati lehentasuna ematea, edo egokiago litzateke etxeko probei eta etxeko taldeei laguntza emanez euskal txirrindularitzaren etorkizuna bermatzea?

Guk argi dugu lehentasuna euskal txirrindularitzaren etorkizuna bermatzea izan beharko litzatekeela. Baina hori beste une baterako eztabaida sakonagoa da; txirrindularitza munduak (antolatzaileek, federazioek, elkarteek, taldeek, zaleek...) eta guztion sosak kudeatzen dituzten instituzioek (Jaurlaritzak, diputazioek, udalek, sponsorrek...) erabaki beharko luketena.

Orain, aldiz, badirudi batzuek, beraien interesen arabera, guztion diruarekin oso erraz hartzen dituztela horrelako erabakiak eta, ondorioz, besteoi dagoena hartzea baino askoz gehiago ez zaigula gelditzen. Eta dagoena egun hauetan Tourra gurean izango dugula da.

Horrela, izenburuan diogun bezala, galdera zera da: testuinguru honetan zer egin? Tourra aprobetxatu gure aldarrikapenak egiteko, edo ez ikusiarena egin eta aukera pasatzen utzi?

Gure ikuspegi xumetik, eta ESAITen garaian, besteak beste, Pirinioetan Tourreko ekimenak antolatzen hartutako esperientzia xumea baliatuta, aurreko galderari motz-motzean erantzunez, uste dugu Tourraren presentziak munduaren aurrean nor eta zer garen azaltzeko eskaintzen digun aukera hau ezin dugula pasatzen utzi, eta, ondorioz, herritar bezala aprobetxatu behar dugula Euskal Herriaren aitortza egiteko eta, nazio garen heinean, ditugun eskubideen aldarrikapenak lau haizeetara zabaltzeko (erabakitzeko eskubidea, euskal selekzioaren ofizialtasuna, euskararen ofizialtasuna, presoen auzia, parekidetasuna eta abar).

Testuinguru honetan, ziur gaude berriro ere euskal gizarteak aukera honen aurrean zintzo eta arduraz erantzungo duela, eta Tourra gurean pasatzen den herri, auzo, txoko, errepide, balkoi eta abar euskal ikurrez jantziko dituela.

Esan gabe doa ere, aipatu aldarrikapen horien inguruan hainbat herri mugimendu edo plataformak, besteak beste, Gure Eskuk eginiko “Euskal Herria mundura” deialdiekin bat egiten dugula, eta, oraingoan gure presentzia pertsonala eta testimoniala izango bada ere, hor egongo garela beste milaka eta milaka herritarrekin batera orain arte Tourra Pirinioetara iristen zenean egiten genuen bezala. Eta Pirinioetan gai izan bagara herri bat garela demostratzeko, nola ez gara orain izango gure herrian egonda. Jakina baietz!

Beraz, aprobetxa dezagun Tourra geure nortasuna aldarrikatzeko eta lau haizeetara munduan zehar zabaltzeko. Zazpi herrialdek osatutako nazioa gara, Euskal Herria baikara! Eta erabaki nahi dugu!

Eta, bide batez, goza dezagun munduko txirrindularitza onenaz!