GARA Euskal Herriko egunkaria
Elkarrizketa
UNAX EIZAGIRRE
Getariako patroia

«Aurreko urteko emaitza errepikatzea oso zaila izango da»

Getariak iaz denboraldi ahaztezina egin zuen: Eusko Label Ligan estreinakoz lehiatu, bosgarren postuan amaitu, eta Kontxan ohorezko txandarako sailkatu. Aurtengoari begira, Eizagirre patroiak esan du «lehen helburua» dela «azkenengo bi postuak libratzea mailaz ez jaisteko», eta gehitu du Getarian trainerua ondo ibiltzeko «etxekoak ezinbestekoak» direla.

(Maialen ANDRES | FOKU)

Gudarien Enparantzan sumatzen da jada udako giroa. Jende asko kalean, batez ere umeak eta turistak. Getariako herriaren goiko aldetik dator Unax Eizagirre (Getaria, 1998) patroia; garaiera baxukoa eta argala, lemazainen artean ohikoa den moduan. Uda iritsi da eta, horrekin batera, arraun denboraldia. Estatxa askatzeko ordua iritsi zaio Eizagirreri: asteburuan bi estropada jokatuko dituzte, eta bandera bat egongo da jokoan Galiziako itsasoan, Coruñan (bihar 18.26an, eta etzi 12.21ean).

Sasoiaurrean emaitzak ez zazkie nahi bezala joan; bereziki harritzekoa izan zen Gipuzkoako Txapelketan Euskadikorako sailkapena ez lortzea. Hala ere, Getariako patroiak nabarmendu du orain, liga hastera doanean, «puntuan» daudela. Helburuei begira, esan du asmoa dela «aurreko urteko maila harrapatzea» eta ikusiko dela maila horrek «zer lekutan» jartzen dien ligan.

Nola doa denboraldiaurreko prestakuntza?

Hasiera batean, betiko prestakuntza ari gara segitzen; pixkanaka-pixkanaka hobetuz. Ikusi dugu denboraldiaurrean nola joan diren estropadak. Hasierakoak ez ziren oso onak izan, baina guk lasaitasun hori geneukan gero etorriko zirela emaitzak, eta orain momentua iristen ari denean puntuan gaude. Azken estropadek erakutsi dute; Lekeition, adibidez, gure aurkarien aurretik egin genuen, Bermeon bigarren egin genuen, eta etxekoek irabazi zuten. Normalki gure aurretik ibiliko den traineru bat.

Esaten dute neguko emaitzek ez dutela errealitatea islatzen, baina...

Gipuzkoako Txapelketan arazoa izan zen haizea asko altxatu zela eta gure aurretik egin zutenek estropadan asmatu egin zutela. Estropada ona egin zuten. Gu ez ginen gustura atera, baina ezta sentsazio txarrekin ere. Gure estropada egin genuen, bakarrik besteak gure aurretik sartu zirela.

Behintzat, iaz lortutakoak lasaitasuna ematen dizue?

Guk badakigu taldea antzekoa dela, eta emaitza hori bilatzera joango gara. Ea hasieran aurreko urteko maila harrapatzen dugun, eta maila horrekin ikusiko dugu zer lekutan jartzen gaituen ligak.

Iaz ezustea eman zenuten. Aurten zer egin nahi duzue?

Aurreko urteko emaitza errepikatzea oso zaila izango da. Orain Zierbena [iaz zazpigarren egin zuten] ere indartu egin da. Lehen helburua izango da azkenengo bi postuak libratzea ez jaisteko, eta gero, hortik aurrera ea aurreko urteko puntu hori bilatzen dugun. Uste dut puntu horrekin emaitza onak etorriko direla.

Estropadarik irabazteko gai ikusten duzue zuen burua?

Hori ia ezinezkoa ikusten dugu. Horretarako gauza arraroren bat pasa behar da; txanda irabaztea eta haizea dezente altxatzea. Baina hasiera batean hori ez da emaitza objektibo bat. Beti duzu amets hori, baina ez da errealitatea.

Nolakoa izango da liga?

Uste dut aurreko urtekoa bezalakoa izango dela. Bi multzotan sailkatuko gara. Aurreneko bost traineru horiek, oso indartsu daudenak: Orio, Zierbena, Bermeo, Hondarribia eta Donostiarra. Eta gero, beheko aldean beste zazpiak egongo gara. Hasiera batean, uste dut bi edo hiru traineru puntu bat beherago egongo direla, baina ikusiko da hurrengo estropadetan nola dauden.

Zein uste duzu izango direla zuen aurkari zuzenenak?

Uste dut Cabo goian ibiliko dela, eta Santurtzi, Ondarroa, Kaiku eta Meira [Samertolameu] gure aurkariak izango direla. Isuntza [Lekittarra] barne.

Urdaibai gainerakoak baino koska bat gorago dago?

Bai, Hondarribia ere oso ondo dago, baina maila bat gorago ikusten dut Bermeo. Nire ustez, aurreneko bost horietan edonork irabaz dezake momenturen batean estropadaren bat. Liga irabazteko ez ditut denak ikusten, baina bai estropada baterako.

Zer aldarterekin ikusten duzu eskifaia ligaren atarian?

Gustura gaude, motibatuta. Azkenengo estropadak eta entrenamenduak oso onak izan dira. Ostiralean [gaur] joango gara Galizia aldera; ea lan saio on bat egiten dugun han eta motibazio horrekin hasiera on bat ematen diogun ligari.

Hemeretzi arraunlarietatik hamahiru etxekoak zarete. Hori da Getariaren zigilua?

Bai, Getarian trainerua ondo ibiltzeko eta emaitzak etortzeko, etxeko arraunlariak ezinbestekoak dira. Momentu bat ailegatu da jende on asko elkartu garela denbora gutxian; alegia, bost-sei bat urtetan arraunlari on asko atera direla, eta horren fruituak orain ikusten ari gara. Gehienak etxekoak gara, eta kanpokoek beste plus hori ematen digute.

Zein dira belaunaldi on horiek?

Adibidez, nire kuadrillatik sei gaude, gero gazteagoa den beste bat dago, eta zaharragoa den beste bat ere bai. Azkeneko hiru-lau urteetan arraunlari dezente atera dira, eta maila handiko arraunlariak daude une honetan.

Belaunaldiez hitz eginda, ba al dago Getarian harrobia etorkizunera begira?

Sei urtetan garai onak tokatu dira, baina orain ez dago gazte mailako arraunlaririk, kadeteak aurreneko urtekoak dira... Hor dago zazpi-zortzi urteko salto bat, non ez dagoen arraunlaririk. Momentu on bat etorri da, baina oraintxe hasi dira kadete mailako batzuk sartzen. Hala ere, uste dut Getarian arraunlari planta hori badagoela.

Larrañaga entrenatzaileak bosgarren urtea egingo du zuekin. Getariaren arrakastaren zutarrietako bat izan da.

Bai, Ion [Larrañaga] Getariakoa da, eta aurreneko gauza entrenatzaile bat aukeratzeko hori nahi izan zuten; etxeko bat ekartzea. Eta asmatu egin dute. Ion taldeko mutila da. Hasiera batean arraunlari bezala hasi zen; orain soilik entrenatzailea da. Oso ondo sartu da taldean. Mutil umila da, lana eta lana eskatzen diguna.

Orain dela sei bat urte hasi zinen Ander Etxegoienekin -orain Orioko patroia da-, eta hura joatean zuk hartu zenuen Getariako patroitza. Iaz Eusko Label Ligan debutatu eta sekulako sasoia egin zenuten. Nola bizi izan zenuen?

Bai. Bost bat urte daramatzat Getariako patroi moduan. Gu igo ginenean hitz egiten hasi ginen ea zeinek jokatu zuen ACTn eta konturatu ginen bakarrik entrenatzaileak jokatu zuela. Beste inor ez zen lehen mailatik pasatu, eta oso arraroa da hori talde batean. Gehienak etxekoak gara eta Getaria aurreneko aldiz izan zen ACTra igo zena, eta gehienbat horregatik izan zen berezia.

Zer ikasi zenuen hartatik eta zer hobetu behar duzu?

ARCn iristen da momentu bat lau edo bost traineruk edozein momentutan irabaz dezaketena estropada bat. Baina ACTra igotzean estropada irabaztea oso-oso zaila da, eta uste dut diferentzia hori dela. Eta askoz ere maila altuagoa dela. Gero, behin estropada batean huts egiten duzunean, segundoak segituan joaten dira eta hori asko igartzen da. Beste traineruak ere aldamenean dauzkazu, eta edozein akats segituan ikusten da estropadan bertan, ARCn ez bezala.

Denbora guztian hitz egiten duen patroi horietakoa zara?

Bai. Gustatzen zait hitz egitea. Konfiantza handia hartu dut, gehienbat herritarrak direlako, eta hori ikusten da. Hasiera batean kostatu egin zitzaidan taldean sartzea, azkenean patroiak arraunlariaren gainetik jarri behar duelako. Baina orain ohitura hori segitu dut, multzoa ere antzekoa da, eta orain askoz ere lasaiago egoten naiz traineru barruan.

Erreferenterik ba al duzu lemazainen artean?

Bai, Getarian azken urteetan patroi on asko atera dira. Adibidez, Xabier [Eizagirre], aurretik ere [Jabi] Isasti ibiltzen zen, eta [Ander] Etxegoien, orain Orion dagoena.

Inoiz amestu al duzu Getariarekin gorengo mailan bandera bat astintzea?

Bai. Hasiera batean pentsatzen genuen estropada bat irabaztea oso zaila izango zela. Baina ARCn irabazi genuen eta orain ACTn gaude. Estropada bat irabazteko amets hori beti egongo da... ez baita erraza irabaztea... Baina nork daki; ea haize pixka batekin-edo zerbait gertatzen den.

Euskolabel Ligan egon diren aldaketak

Bermeo. Joan direnak: Asier Bermejo, Eneko Bilbao (patroia), Luis Manuel Gonzalez, Iban Martinez, Jon Unzaga, Jon Urresti eta Nikolas Yurramendi. • Etorri direnak: Jon Etxaniz, Aitor Gondra (patroia), Iker Pascual, Fernando Ruiz, Michel Alexander Ciznero, Daniel Folgada eta Diego Perez.

Cabo. Joan direnak: Manuel Caneda, Felix Duarte (patroia), Sergio Garcia, Oscar Hermo (patroia), Jose Antonio Martinez, Jose Rios, Javier Sayans, Julian Villanustre eta Mario Brion. • Etorri direnak: Gabriel Arcos, Iago Davila, Mario Fajardo, Daniel Freire, Javier Garcia, Luis Manuel Gonzalez, Jose Manuel Piñeiro, Carlos Alberto Romero, Manuel Triñanes (patroia) eta Alberto Vidal.

Donostiarra. Joan direnak: Jon Agirrezabala, Endika Alberdi, Unai Billakorta, Alex Garcia, Jose Maria Intxausti, Joseba Larrarte eta Ander Balda. • Etorri direnak: Iñigo Arzallus, Asier Bermejo, Beñat Eizagirre, Igor Makazaga, Hadrian Meizoso eta Ekaitz Otegui.

Getaria. Joan direnak: Ion Etxeberria, Ion Larrañaga, Iraitz Legorburu, Iosu Rezola eta Eñaut Silbeti. • Etorri direnak: Jokin Aizpuru, Daniel Ariztimuño, Imanol Eizagirre, Julen Manterola eta Jokin Rodriguez.

Hondarribia. Joan direnak: Jon Etxaniz, Jon Lizarralde, Alain Osanbela, Urko Redondo, Alexander Udabe eta Jokin Gijarro (patroia). • Etorri direnak: Julen Castrillon, Iker De la Linde (patroia), Adrian Gonzalez, Aimar Kanpandegi, Ander Legazkue, Xabier Olaskoaga eta Xabier Ormazabal.

Kaiku. Joan direnak: Iker Pascual, David Camacho, Jon Ander Casaña, Iñaki Elorrieta. Cristian Garma (patroia), Alberto Landa, Adrian Miramon eta Alexandru Tacu. • Etorri direnak: Gorka Arostegi, Manuel Crespo, Jon Elortegi, Iker Gimeno (patroi), Ibon Maiz, Beñat Moreno, Ionut Lucian Neagu eta Pablo Soba.

Lekittarra. Joan direnak: Ekhi Aboitiz, Mikel Bereziartua, Xabier Gutierrez, Jon Luzarraga, Aritz Sanchez eta Aitor Echebarria. • Etorri direnak:Markel Akarregi, Eneko Atutxa, Unai Ruiz, Igor Sanchez (patroia/arraunlaria) eta Jokin Urizar.

Ondarroa. Joan direnak: Daniel Ariztimuño, Iker Eizmendi, David Fernandez, Iñaki Goikoetxea, Josu Makazaga, Mikel Peña, Eddy Solozabal, Eneko Zabala, Jenaro Zelaia (patroia), Aitzol Elu, Xabier Zabala eta Eneko Azkarate. • Etorri direnak: Joseba Aristi, Jon Arriola, Unax Bedialauneta, Eneko Bilbao (patroia) Beñat Eizagirre, Josu Elu, Xanet Gimeno (patroia), Igor Gurucharri, Iker Inchaurtieta, Markel Kalzakorta, Ander Larrañaga eta Ivan Lopez.

Orio. Joan direnak: Mikel Arostegi, Xabier Arregi, Ibon Arruti, Joseba Azurmendi, Fernando Rua, Jon Arriola, Jokin Azkonobieta, Ugaitz Mendizabal (patroia), Jon Olaizola eta Iker Zinkunegi. • Etorri direnak: Iker Eizmendi, Alexander Esteban, Martin Leboran (patroia), Alain Osanbela, Leandro Salvagno, Javier Sayans eta Jon Urresti.

Samertolameu. Joan direnak: Francisco Abreu, Carlos Alvarez, Angel Diaz, Daniel Folgada, Adrian Fragueiro, (patroia) Martin Leboran (patroia), Jose Luis Macey eta Joel Santome. • Etorri direnak: David Arosa (patroia), Lucas Freire (patroia), Lazaro Jacobo Gayo (patroia), Jose Parada, Alejandro Patiño, Jose Luis Patiño, Miguel Piñeiro, Sergio Enrique Rodriguez eta Francisco Rodriguez.

Santurtzi. Joan direnak: Mikel Portularrume, Sebastian Acerbi, Javier Aja, Ruben Alvarez-Pedrosa, Aitor Bugia, Vicente Carpintero, Manuel Crespo, Alexander Esteban, Jose Angel Garcia, Andoni Garcia, Eneko Gonzalez (patroia), Hegoi Intxauspe, Mikel Pedrosa, Andoni Pedrosa eta Alejandro Sanz. • Etorri direnak: Gorka Abad, Alan Ahedo, Jon Artetxe, Beñat Astelarra, Jaime de Haz, David Duran, Ander Fernandez (patroia), Jagoba Garcia, Etore Garcia-Ugarte, Cristian Garma (patroia), Alberto Landa, Jon Lecanda, Ibai Porto, Eder Rubio eta Lander Salas.

Zierbena. Joan direna:: Jaime De Haz, David Duran, Jon Elortegi, Adrian Gonzalez, Aitor Lopez, Ibon Maiz, Sergio Montenegro, Fernando Ruiz, Leandro Salvagno eta Alberto Vidal. • Etorri direnak: Sebastian Acerbi, Manuel Caneda, Jose Angel Garcia, Peio Lopez, Eladio Sanchez, Alexandru Tacu, Abel Vicente, Julian Villanustre eta Luis Miguel Villar.