GARA Euskal Herriko egunkaria
ZESTA-PUNTA

Omenaldi hunkigarria Goikori etxean

Barandikak eta Lopezek irabazi zuten Masterseko finala ostiral gauean, 13-15 eta 8-15, inaugurazio egunaz geroztik lehen aldiz goraino bete zen Aitzuri pilotalekuan. Zumaiako herriak omenaldi hunkigarria egin zion Iñaki Osa Goikoetxeari bere agurrean.

Aitana alabak aurreskua dantzatu zion Goikoetxeari eta Iker semeak txapela jantzi. (JAI ALAI)

Emozio handiko momentuak izan ziren ostiral gauean Zumaiako Aitzuri pilotalekuan. Zazpi urteren ondotik, inaugurazio egunetik alegia, berriro ere frontoia sarrera gabe geratu zen. Bi osagai batu ziren. Alde batetik, plater nagusia: Iñaki Osa Goikoetxearen agurra. Baina horrekin batera, zesta-puntaren haize berria, modernoa eta jai-giroari lotutakoa, pilotalekura Goikoetxea ikustera joan ziren asko zesta-punta berriz ikusteko gogoz geratu baitziren.

Partida nagusirako, publiko artetik atera ziren lau pilotariak jendearen oihu eta txalo artean. Master Serieseko finalean nahi eta ezinean aritu ziren Goiko eta Manci. Barandikak eta Lopezek bikote oso sendoa osatzen dute eta 13-15 eta 8-15 irabazi zuten.

Partida bukatu bezain laster lehertu zen emozioa. Omenaldi eder eta hunkigarria jaso zuen Iñaki Osa Goikoetxeak. Arritxu Iribar kazetariak aurkeztuta, Masterseko sariak banatu ziren lehenik eta ondoren omenaldikoak: Udalarena, zesta-eskolarena eta, batez ere, seme-alabena. Aitana alabak aurreskua dantzatu zion eta Iker semeak txapela jantzi. Jon Maiak ere argi adierazi zuen zumaiarrek pentsatzen dutena: «Goiko handia izan da baina, handiagoa Iñaki». Oso berezia, azkenik, Mugerzak, frontoian Goikoren lehen maisua izandakoak egin zion oparia. Gaztaina landarea jaso zuen Iñakik. Gaztainondoa, xistera egiteko erabiltzen den materiala, alegia.