GARA Euskal Herriko egunkaria
ARRAUNA - EUKOTREN LIGA 2023

Arraun Lagunak-ek ur nahasiak bikain ekidin eta lehen kolpea eman du

Lehen txandatik, eta nagusitasun osoz, irabazi zuten donostiarrek Coruñako ur zailetan, eta bigarren postuan Tolosaldea geratu zen. Orio, egungo txapelduna, bigarren txandan aritu zen eta laugarren amaitu zuen estropada, Donostiarraren atzetik.

Coruñako estropada eremuko irudi bat, atzean Hercules dorrea ageri dela. (Dani OTERO | AGENCIA LOF)

Larunbateko estropada bertan behera geratu ostean, emakumezkoen liga izan zen Coruñan martxan jartzen lehena behin semaforo berdea piztu zenean, eta Euskotren Liga historiko honetako lehen garailea eta lehen liderra Arraun Lagunak izan zen.

Historikoa diogu, lehen aldiz zortzi traineru arituko baitira aurten Ligan, bi txandatan banatuta. Galiziarrek, hori bai, datozen bi urteetarako bertan lehiatzea ziurtatua dute akordio baten bidez eta, beraz, honek jaitsierako play-offak baldintzatuko ditu.

Lehen txandan ikusi zen olatuek zer nolako eragina zuten, baina Arraun Lagunak-ek, Andrea Astudillo patroi lanetan, bere nagusitasuna eta eskarmentua erakutsi zituen hasieratik. Lehen jardunalditik, lehen paladatik, argi utzi dute gipuzkoarrek Euskotren Liga eskuratu nahia.

Beraien atzetik amaitu zuten Tolosaldeak, iaz mailari eustea lortu zuen taldeak, eta Donostiarrak, denboraldiaurre bikaina egin duena. Tiran, ordea, oso atzean geratu zen lehen luzean (lehen luzean 44 segundoko galera zuen jada).

Lehia oso polita mantendu zuten Tolosaldeak eta Donostiarrak. Izan ere, ziabogan Arraun Lagunak azkarrena izan bazen ere -olatuen eraginez pixka bat kostatu zitzaion maniobra egitea, baina denbora galdu gabe-, zortzi segundoko aldea atera zion Tolosaldeari eta hamar Donostiarrari.

Bigarren luzean, ordea, Donostiarra, Nerea Perez patroi lanetan zela, Tolosaldea pasatu zuen momentu batean. Baina Izaro Lestayok, mutilekin aritutakoa denak, bere esperientzia erakutsi zuen olatu ona hartu eta helmugan txandako bigarren postua lortzeko. Aurretik, Arraun Lagunak ontziak erraz irabazi zuen.

Lehen hiru traineru horiek ez zekiten oraindik estropadan postu horietan amaituko zutela. Izan ere, bigarren txandan Oriok ezin izan zuen denbora hobetu. Egungo txapeldunek, Nadeth Agirre patroi lanetan zela, indar guztiak jarri zituzten markak hobetzeko, baina ziabogan zortzi segundo gehiago behar izan zituzten.

Hondarribia atzetik zetorren, hamar segundora, Cabo 17ra eta Hibaika 24ra. Beraz, mirotzek ez zuten arazorik beraien lanean zentratzeko. Eta horri ekin zioten buru-belarri. Oriok olatu oso onak hartu zituen azken luzean eta abantaila murriztu zuen Arraun Lagunakekiko, baina ezin izan zuen donostiarren denbora gainditu, eta azkenean laugarren izan ziren oriotarrak.

Coruñako estropada nahasi hauek igarota, itzulera ona opa diegu arraunlari guztiei.