GARA Euskal Herriko egunkaria
FUTBOLA

Nanclaresek Athleticen jokatuko du, Realean lau denboraldi egin ostean

Athleticek Nanclares fitxatu du, eta zehazteko dago zenbat urterako sinatuko duen. Atezainak ez du onartu Realak egindako eskaintza.

Adriana Nanclares, sasoi honetan Realak eta Alavesek jokatu duten partidan. (Gorka RUBIO | FOKU)

Athleticek Adriana Nanclares fitxatu du, eta zehazteko dago zenbat urterako sinatuko duen. Atzo goizean jakin zen atezainak ez duela Realean jarraituko. Donostiako klubak jakinarazi zuenez, atezainak ez du onartu Realak kontratua berritzeko egindako eskaintza. Miranda de Ebrokoari joan den ekainaren 30ean amaitu zitzaion kontratua talde txuri-urdinarekin, eta atezainak Bilbo aldera jotzea hobetsi du, Realean lau sasoi egin ostean. Nanclares Bilboko taldera libre iritsi den arren, Athleticek Realari diru kopuru bat ordaindu beharko dio jokalariaren formakuntza eskubideak direla eta. Halakoak eskatzen dituzte jokalariek 23 urte baino gutxiago dituztenean.

21 urteko atezaina 2018an iritsi zen Donostiako taldera, 16 urte besterik ez zuela. Denboraldi horretan Oiartzunen jokatu zuen utzita -bigarren mailan- eskarmentua hartzeko, eta 2019/2020 sasoian Realeko bigarren taldean aritu zen. Bertan pieza garrantzitsua izan zen, taldea Euskal Ligatik Lehen Maila Nazionalera igotzeko. 2020/2021 denboraldian eman zuen jauzia lehen taldera, Realak sasoi gogoangarria egin zuenean Txapeldunen Ligara sailkatuta. Aurten, Elene Leterekin batera, minutuak partekatu dituzte. Ligan, esaterako, Zumarragakoak Nanclaresek baino partida bat gehiago jokatu du.

Athleticen, Realean denboraldi batez egon zen moduan, Mariasun Quiñonesekin egongo da. Baita Amaia Peña atezainarekin ere. Azken honi duela gutxi berritu zion kontratua Athleticek 2025eko denboraldi amaierara arte.

TEJADAREN ETORKIZUNA

Realean oraindik ere, eta jada ekainaren 30a pasatu bada ere, zehazteko dago Ana Tejadak klubean jarraituko duen ala ez. Izan ere, errioxarrari jada amaitu zaio Realarekin zuen kontratua eta klubak ez du berririk eman horren inguruan.