GARA Euskal Herriko egunkaria

Gure Artea sariak, Talayero, Barkate eta ANTI liburu-dendaren lanen hauspo

Susana Talayero eta Nadia Barkate artista bilbotarrei eta Bizkaiko hiriburuko ANTI liburu-dendari emango dizkiete aurtengo Gure Artea sariak. Bakoitzak 20.00 euro jasoko ditu eta udazkenean egingo dute sari-banaketa ekitaldia, Donostiako San Telmo museoan, hain zuzen ere. Guggenheim museoko Auditoriumean atzo eskainitako prentsaurrekoan jakinarazi zituzten 2023ko sarituen izenak.

Susana Talayero, ANTI liburu-dendako Javier Nevado eta Nadia Barkate sarituak. (Endika PORTILLO | FOKU)

Susana Talayerori ibilbide artistikoa aitortu diote, Nadia Barkateri bere sorkuntza-lana eta ANTI liburu-dendari arte plastiko eta bisualen arloan egindako lana, Gure Artea sarien aurtengo irabazleak baitira. 20.000 euro jasoko ditu irabazle bakoitzak eta datorren udazkenean Donostiako San Telmo museoan egingo dute sari-banaketa ekitaldia.

Aimar Arriola komisarioak, Nora Aurrekoetxea artistak, Rakel Esparza kultur programatzaileak eta Miren Vadillo arte-historialariak osatu dute epaimahaia, Iñaki Imaz margolari eta irakaslea buru zutela. Hain zuzen ere, Imazek eman zituen ezagutzera sarituen izenak, Bingen Zupiria Lakuako Gobernuko Kultura eta Hizkuntza Politikako sailburuarekin batera. Halaber, irabazle bakoitza saritzeko arrazoiak azaldu zituzten, Guggenheim museoko Auditoriumean egindako prentsaurrekoan.

GORAIPAMENA

Talayeroren ibilbidea gogoratu eta goraipatu zuen Imazek. Bilbotarra da eta 30 urteko ibilbide oparoaren zati gehiena bertan burutu badu ere, 10 urte Erroman eman zituen 80ko eta 90eko hamarkaden artean. Halaber, epaimahaiburuak nabarmendu zuen Talayerok «lankidetzako egoeren eta esperientzia kolektiboen bidez» euskal artearen testuinguruari egindako ekarpena. Artistak berak azaldu zuen ibilbide artistikoa esperientziak pilatu ahala joaten dela egiten.

Barkate ere bilbotarra da eta bere sorkuntza lana aitortu dio epaimahaiak sariarekin. Izan ere, Imazek azpimarratu zuenez, azken urteetako euskal eszenan oso belaunaldi aktibo bateko artista azpimarragarria da.

Azaldu zuen bere zeregin artistikoa marrazkian oinarritzen dela batez ere, nahiz eta beirari putz eginda osatutako obrak ere egin izan dituen. Barkatek adierazi zuenez, «horrelako eszena bat askotarikoa eta oparoa da» eta bide horretatik jarraitzeko nahia agertu zuen artistak.

Bilboko San Frantzisko auzoko ANTI liburu-dendari ere aitortu diote egindako lana, kasu honetan arte plastiko eta bisualen arloan agente gisa burututakoa. Maia Villot eta Javier Nevado artistak ditu buru proiektuak, baina beste bi sarituek ere badute, era batera edo bestera, lotura liburu-dendarekin. Imazek espazioak Bilboko ehun artistiko eta kulturalari eta euskal testuinguruari egiten dion aitorpena azpimarratu zuen. Nevadok, bestalde, proiektuaren 18 urteko historian nola edo hala hura elikatu duten artistei eskerrak eman zizkien.

AITORTZA ETA ZABALKUNDEA

Zupiria sailburuak azaldu zuen sariok Kultura 2028 Plan Estrategikoaren parte direla eta artisten lana aitortu eta obren zabalkunderako bideak ematea dutela helburu. Horrez gain, saritutako artistek «gizarteari egiten dioten ekarpena» azpimarratu zuen.