GARA Euskal Herriko egunkaria

Alche eta Naishtat, Campillo, Jackson, Lafosse, Pritzker eta Rejtman, Sail Ofizialean

Zinemaldiko lehen izenak ezagutzen ari gara. Hiroshi Teshigahara zuzendariari -atzerabegirakoa eskainiko diote- Sail Ofizialean Urrezko Maskorraren lehian arituko diren hainbat egile gehitu zaizkio: besteak beste, Maria Alche eta Benjamin Naishtat, Robin Campillo, Joachim Lafosse, Noah Pritzker, Cristi Puiu eta Martin Rejtman.

«L’île rouge» filma aurkeztuko du Robin Campillok. (ZINEMALDIA)

Maria Alche eta Benjamin Naishtat, Robin Campillo, Joachim Lafosse, Noah Pritzker, Cristi Puiu eta Martin Rejtmanek euren film berriak aurkeztuko dituzte Donostiako Zinemaldiaren 71. edizioko Sail Ofizialean, irailaren 22tik 30era bitartean.

Halaber, Raven Jacksonek bere lehen filmarekin parte hartuko du (Ikusmira Berriak egonaldi-programan egon zen filma bere proiektu-fasean).

Maria Alchek (Buenos Aires, Argentina. 1983) eta Benjamin Naishtatek (Buenos Aires, Argentina. 1986) elkarrekin zuzendu dute “Puan”; film horretan, unibertsitateko katedra batek aurrez aurre jartzen dituen bi irakasleren rola hartzen dute Marcelo Subiottok eta Leonardo Sbaragliak. Alchek Horizontes saria eskuratu zuen bere lehen film luzearekin (“Familia sumergida / A Family Submerged”, 2018), eta, gainera, aurtengo Ikusmira Berriak programako egoiliarra da.

Bestalde, Naishtatek zuzendari onenaren Zilarrezko Maskorra irabazi zuen “Rojo” filmarekin (2018), eta aktore onenaren eta argazki onenaren sariak ere eskuratu zituen. Hori baino lehen, Horizontes Latinos sailean parte hartu zuen “Historia del miedo / History of Fear” (2014) lanarekin. “Puan” filma Proyecta 2021erako hautatu zuten, eta Alche eta Naishtat egileak beste zinema jaialdi batzuetan ere izan dira euren bakarkako lanekin, hala nola Berlinen eta Locarnon.

Robin Campillo (Mohammedia, Maroko. 1962) lehenbizikoz lehiatuko da Donostian, “L'île rouge / Red Island” filmarekin; Madagaskar uhartearen kolonizazio frantziarrean dago kokatuta. “120 battements par minute (120 BPM) / 120 Beats Per Minute” (Perlak, 2017) filmarekin Cannesko Epaimahaiaren Sari Nagusia lortu ondoren iritsiko zaigu zinemagilearen laugarren lana. Campillok zuzendutako lehen filma, “Les Revenants / They Came Back” (2004), “Kontrauhina: Frantziako zinemarik berriena” atzerabegirakoan sartu zuten, eta 2012an ere parte hartu zuen Donostia Zinemaldian -zehazki, Sail Ofizialean-, Laurent Cantet-en Foxfire filmaren gidoilari gisa.

Raven Jackson (Tennessee, AEB. 1990) bere lehen filmarekin lehiatuko da Donostian. Harreman estua du Zinemaldiarekin. Batetik, Nest sailean parte hartu zuen, zinema-ikasleen nazioarteko film laburren lehiaketan, “Nettles” (2018) lanarekin; eta, bestetik, Zinemaldiaren 71. edizio honetan aurkezten duen “All Dirt Roads Taste of Salt” filma garatu du Ikusmira Berriak programan. Mississippiko emakume baten bizitzaren esplorazio liriko hori Sundanceko U.S. Dramatic Competition sailean estreinatu zen aurten.

Lehen atzerabegirakoa ere iragarria du aurrez Zinemaldiak. Hiroshi Teshigaharari eskainiko dio, hain zuzen ere: 1960ko hamarkadako zinema japoniarraren ezinbesteko egilea da. Bere lanean, nabarmenak dira poetika esperimentaleko filmak eta Kobo Abe idazlearekin egin zuen elkarlan luzea.