GARA Euskal Herriko egunkaria

Kautxua


XIX. mendeko bigarren erdialdean, industria zabalpen fase berri baten ondorioz, kautxu eskaera handitu egin zen Europan eta AEBetan. Amazoniako indigenengan eragin ezin makurragoa izan zuen kautxu ustiaketak: lurrak kendu zizkieten horiek beren esklabo bihurtu zituzten. Roger Casement izan zen kautxua ardatz zuen sarraskiaren tamaina salatzen lehena; gerora, Britaniar inperioarentzat lan egindako urteetan ikusitakoak hunkituta, Irlandaren askapenaren alde borroka egin zuen eta hil egin zen. Britaniar parlamentuan txosten bat aurkeztu zuen behin: han, zehatz-mehatz azaldu zuen, Peru eta Kolonbia arteko mugan dagoen Putumayo eremuan Casa Arana izenarekin ezaguna zen konpainiak, zeinak euskal jatorriko Julio Cesar Arana buru baitzuen, Uitoto, Okaina, Nonuya, Bora, Mirana, Muinane eta Andoke komunitate indigenen artean ezarritako terrorezko erregimena.

Kopuru zehatzik ez badago ere, uste da milaka indigena hil zituela Aranaren kautxu konpainiak, zuzenean zein zeharka. Indarkeriazko historia honek ez zuen markatu aipatutako komunitate indigenen iragana bakarrik; orainean ere antzeman daitezke haren aztarnak, Santiago Yahuarcani artista uitotoarraren eta Brus Rubio artista bora-muruiarraren artelanek erakusten duten bezala.

Haien lanak eta kautxuaren historia beltzari loturiko beste zenbait artefaktu (mapak, argazkiak, artikuluak, filmak) biltzen ditu New Bridge Project arte galeriak; Newcastlen (Ingalaterra), “Amazoniako kautxuaren eztanda: industrializazioa, estraktibismoa eta indarkeria” erakusketaren barruan.