GARA Euskal Herriko egunkaria
EDITORIALA

Etxebizitza politikan aitzakiak daude sobera


Etxebizitza duina arrazoizko prezioan eskuratzea benetako buruhaustea bihurtu da gure gizartean. Etxebizitzaren prezio altuak, higiezinen burbuilaren eztanda, ondorengo etxegabetzeak, putre funtsen etorrera, turismo-plataformen gorakada, alokairu ikaragarri garestiak, eta, orain, mundu guztia pobretzen duen bizitzaren kostuaren igoeraz gain, hipotekadun pertsona asko amildegi ertzean jartzen ari den interes-tasen igoera. Gauza bat ez denean bestea da; kontua da etxebizitzaren erabilerak ez duela ez etenik ez lasaitasunik ematen.

Horren arrazoi nagusia da etxebizitza inbertsio-ondasuntzat jotzen dela, jendeak bizitza duina izateko oinarrizko eskubidetzat hartu ordez. Higiezin-merkatu honetan, gero eta finantzarioagoa bihurtu den honetan, hainbesteko interesak daude elkarri lotuta, ezen hutsalak baitira Mario Yoldik, Lakuako Gobernuko Etxebizitza Saileko Plangintzaren eta Prozesu Eragileen zuzendariak, EHUko Donostiako udako ikastaroetan esandako hitzak: «Politikariek jendeak nahi duena egiteko joera dute». Komunikabide handien igandeko eranskinak errepasatu besterik ez dago etxebizitzaren inguruan jendearen nahiak nola sortzen diren ikusteko: alokairuek gora egiten badute, etxebizitzari errenta ateratzea aholkatzen dute; prezioak pixka bat igotzen hasten badira, irakurleak erostera animatzen dituzte, etxebizitzen prezioen bulkadak behera egin ez dezan; edozein testuingurutarako aholku bat dute etxebizitzen merkatua higiezin-enpresek behar duten norabidean mugitzeko. Praktikan, politikariek higiezin-enpresa handiek nahi dutena egin ohi dute, egin beharko luketena egin beharrean: ondasun publikoaz arduratu eta etxebizitza-eskubideak gauzatze praktikoa izan dezan lan egin, baliabide erretorikoa izan ez dadin. Errua jendearen nahiei egoztea ez da serioa.

Udako ikastaroan Kaleratzeak Stop elkarteko ordezkariak oso egoki gogorarazi zuen bezala, 2015etik EAEk etxebizitzari buruzko lege aurrerakoi bat du, EH Bilduren eta PSEren botoekin onartu zena, baina garatzeko gai izan ez direna. Etxebizitza-politikan aitzakiak dira sobera daudenak.