GARA Euskal Herriko egunkaria
JOPUNTUA

Guinea


Frank Sinatrak kontatu zion Pete Hamill kazetariari. Abeslariaren arbasoak Amerikako Estatu Batuetara iritsi ziren garaian, 1891n, gertaera lazgarria gertatu zen New Orleansen: norbaitek David Hennessy polizia ustela garbitu zuen eta hamaika italiar jatorriko gizon akusatu zituzten erailketaz. Komunitate hura hamarkada luzez estigmatizatuko zituen mito eta kondaira ilunaren hasiera zen. Prentsaren arabera, gangster irlandar edo amerikarrak ez bezala, horiek beltzaranagoak baitziren eta gainera hizkuntza ezberdin bat hitz egiten omen zuten. Odol bidezko zinen ipuinak paranoia areagotu besterik ez zuen egin.

New Orleansen arau orokorrak kale egin, eta epaimahaiak absolbitu egin zituen zortzi gizon; beste hiruren aurka frogarik ez zela ebatzi zuen. Epaiak ez zituen hiritar errespetagarriak ase. Bi egun geroago, hirurogei hiritar esanguratsuk gidatuta, euretariko milaka pilatu ziren haserre bizian, artean burokrazia geldoak askatu zain ziren gizonak aterpetzen zituen espetxearen bueltan. Suminduek eraikina hartu, presoak ziegetatik atera eta akabatu egin zituzten. Kaleko bi faroletatik eskegi zituzten ulu artean. Beste zazpi exekuzio pelotoiek tirokatu zituzten espetxeko patioko hormaren kontra. Azken biak arrastaka txakurtegian gorde ziren, baina deskubritutakoan balazoka zatitu zituzten.

Sinatrari gaztea zenean jendeak galdetzen omen zion zergatik ematen zion dirua NAACP-ri, pertsona arrazializatuen eskubideen aldeko elkarteari. «Ni ere hor egona naiz. Ez ziren bakarrik beltzak soka madarikatu horien puntatik eskegitzen zituztenak».

“The New York Times”, “The Washington Post” eta beste hainbat egunkaritako editorek babestu zuten lintxamendua. Theodore Rooseveltek, Alderdi Errepublikanoko buruzagi gaztea zenak, zerbait ona zela esan zuen. Italiar jatorrikoek egunkarietan sinesteari utzi zioten. Estatua bera komunitateak eta familiak ordezkatu zuten.

Sinatrak inoiz ez zuen ahaztu bera «guinea» bat zenik, hala esaten baitzieten irain gisa Italian erroak zituztenei. Itzal eta susmo hori zuen maldizio eta indar-iturri.