GARA Euskal Herriko egunkaria
JOPUNTUA

Kluster-bonbak Ukrainan


Zalapartatxo bat sutu da Estatu Batuek Ukrainako indar armatuei kluster-bonbak «ematea» erabaki izanaren inguruan, halakoen erabilpenak berezkoa duen arbuiagarritasun etikoagatik. Ez dago gaizki asaldura. Ongi etorriak errealitatearen mundura.

Ulergarria egiten zait Estatu Batuetako establishmentak bere buruaz saltzen duen prediku dotorea erosten ohituta dagoenarentzat asaldagarria egitea kluster-bonbak bezalako «hiltzaile itsuen» erabilpena; eta bere horretan sinestea «erabaki zaila» izan dela Bidenentzat ere.

Ez nago ni hori erosiko dutenen artean. Estatu Batuek, beste herrialde batzuek bezala, «betidanik» ikertu, ekoitzi, metatu eta prestatu dituzte kluster-bonbak. Baita erabili ere. Eta gerrarik gabe ere hiltzen segituko duten arma horien aurkako debeku-kanpaina guztien gainetik, ez dute haiei uko egiteko asmo izpirik ere. Orain, inoiz baino gutxiago.

Harrigarriagoa -baina ez sinesgaitza, ez- egiten zait Ukrainak halakoak eskatu/ onartu izana. Kluster-bonben erabilpenak berezkoa duen esanahi militarragatik.

Funtsean, lehorreko minak «ereiteko» sistema azkar eta erosoa dira kluster-bonbak: altueran ireki eta eremu zabal batean dozenaka (normalean, berrehun bat) bonbatxo barreiatzen dituzte. Haietako batzuek lurreratzean eztanda egiten dute, baina mina bezala ere gera daitezke lurrazalean, auskalo noiz arte. Eta horretarako apropos prestatuak izaten dira batzuetan.

Noski, mina-zelai konbentzionaletan ez bezala, «ereiten» dituenak ere ez du halakoen kartografiarik. Eta mina-gabetzea «denboraren» -hau da, eztanden- poderioz egingo da. Horregatik, norbera inoiz ibili beharko ez den lekura jaurtikitzen dira. Eta orain arte, gudu arras irregularretan erabili dira, eta oso bakanka.

Baina Ukrainakoa gerra konbentzionala izan da, orain arte. Horrelako batean, kluster-bonbak intentsiboki erabiltzeak ondorio operatiboak ez ezik politikoak erakar ditzake. Eskualde osoak mortu bihur ditzakeelako. Alde bietatik erabiltzen badira, batez ere.