GARA Euskal Herriko egunkaria

Molekulak


Bizitza molekulen abentura bat da», dio Pepe Mujikak ‘‘Semillas al Viento’’ elkarrizketa liburuan (Mario Mazzeo eta Carlos Martell, GARA, 2022). «Ulergarria zait naturaz gaindiko ordena batean pentsatzea, hainbeste baitago, enkantamentuetan sinisteko ere badagoela». Bizitzaren gaineko gogoetak eskaintzen ditu kazetariek zabaldutako bidetik. Erlijioen sorrera eta funtzioa, utopiak… «Gizakia animalia utopikoa da izatez, erantzun ezin dituen galderak egiten baitizkio bere buruari, eta erantzuna behar du». Eta gogora ekarri dit Inongo Vi Makome-k, idazle eta kontalari kamerundarrak, ipuinen balioaz kontatzen zidana. Bartzelonan bizi zela, bere herriko gizon bat bisitatzera joan zen ospitalera, katarata ebakuntza egin berritan. Harekin berriketan zela, Inongok une horretan zituen kezka batzuk kontatu zizkion, gizon zaharraren erantzun lagungarriaren itxaropenez. Agureak ipuin bat kontatu zion. Hura izan zen erantzuna. Inongok kontatzen zidan etxera joan eta ipuinean erantzuna bilatzen egon zela. Beharbada ez daude hain urruti Mujikak dioena eta Inongok kontatzen zidana; izan ere, bizitza bera istorioz osatutako ibilbidea baita; galderaz osatutako bidaia. Molekulen abentura dela dio Mujikak; Kamerungo agureak molekulak hitzak bihurtzen zituen, eta erantzunak istorio bihurtu. Eta ahoz gora kontatutako istorioek bizitzaren doinutik badute. «Normalean, mintzatzean idazten dut», dio Mujikak. Kontatzea molekulen abentura eskaintzea da.