GARA Euskal Herriko egunkaria
Elkarrizketa
Josu Etxaburu eta Fermi Rubiralta
Gure Esku eta ANC Euskal Herria

«Eraldaketarik gabe, zaila da Estatuak erabakitzeko eskubidea onartzea»

Gure Esku eta ANC dira, hurrenez hurren, Euskal Herrian eta Katalunian erabakitzeko eskubidearen aldeko aldarrikapenaren erreferentziak. Josu Etxeburu eta Fermi Rubiralta mugimendu horietako kideek aztertu dute bi herrialdeetan eskabide horren egoera zein izan daitekeen uztailaren 23tik aurrera.

(Andoni CANELLADA | FOKU)

 Uztailaren 23an erabakitzeko eskubidea berriro eztabaidaren erdian kokatuko da. Zentzu honetan, aurrera jarraitzeko, zer proposatzen dute zuen mugimenduek?

JOSU ETXABURU: Bai guk bai ANCk bide oso argia segitzen dugu. Aurten 10 urte betetzen ditugu herri ekimen gisa, eta hasiera batean planteatzen genituen leloek oraindik gazte jarraitzen dute: herri bat gara eta erabakitzeko eskubidea daukagu. Hori esanda, gure ekimena ez da bakarrik aldarrikatzearena, gauzatzearena ere bada. Horregatik guk proposatzen duguna da demokrazian sakontzea, jendea ahalduntzeko.

M28ko emaitzak kontuan harturik, eskuineko espainiarren garaipena aurreikus daiteke U23an. Zein izan behar du erantzunak Euskal Herritik eta Kataluniatik, ofentsiba horren aurrean?

J.E.: Datozen hauteskundeak etorriko diren moduan, ez dakit zenbateraino garrantzitsua izango den hori, gu etxeko lanak eginda harrapatzea baizik. Gure herri izaera jarri behar dugu mahai gainean, era batera edo bestera, hurrengo legegintzaldian lurraldetasunaz behin eta berriro hitz egiteko aukera asko ditugulako. Gure bi herriek ezberdin arnasten dute, eta hori nabarmena da aldiro egiten diren hauteskundeetan. Herri izaera badagoela eta eskuin muturrak ez duela lekurik ikusten ari gara, eta gizarte heldu baten seinalea da hori.

FERMI RUBIRALTA:Nazio errealitatea hauteskundeen bitartez agerian geratu da. Ez da kasualitatea Estatu espainolean indarra daukan eskuin muturrak Katalunian eta Euskal Herrian lekurik ez izatea. Berriz ere mahai gainean jartzen da zein motatako mapa irudikatzen den nazio gisa bozkatzeko momentuan. Gabezia horretan kolokan jarri da Madrilen egon den Gobernu progresista.

Bestalde, PSOE eta Sumar alderdien Gobernu batek independentisten babesa beharko luke ziur aski. Ondo ikusiko zenukete azken legegintzaldian bezalako akordio bat?

F.R.:Maiatzaren 28ko emaitzek demostratu zuten modu ezberdin batean hartu zela akordio hori Euskal Herrian eta Katalunian. Adibidez, EH Bildu, Gobernuari sostengu osoa eman diona, botoetan igo egin da azken hauteskundeetan. Eta aldiz, Katalunian, ERC edo Junts-en datuak oso kaskarrak izan dira, batez ere Esquerrarenak, Gobernua sustatzeko gehien inplikatu dena. Horren ondorioa izan daiteke ez dela aldarrikatu urriaren 1eko emaitza, zintzilik geratu dela iheslari eta errepresaliatuen egoera... Nola edo hala, gai horiek atera behar dira hurrengo «Gobernu progresistari» babesa emateko.

Puntu honetan kokatzen da PSOEk eta ERCk azken lau urteetan osatutako negoziazio mahaia. Ulergarria da mahai horretan erreferenduma ez den beste gai batzuei buruz hitz egitea?

J.E.: Beldur bat dago, erabakitzeko ariketa hori gauzatzeari beldurra diote, herriari galdetzeari. Horregatik oraindik bide luzea dugu kultura demokratikoan sakontzeko. Gure Eskukoak sinetsita gaude erabakitzeko eskubidea denon eskubidea dela, eta ez dagoela galdetzea baino gauza osasuntsuagorik.

F.R.: Errealitatea ikusita, zaila da Estatu espainolak erabakitzeko eskubidea onartzea, eraldaketa sakonik ez bada.

Mugimendu herritarren paperak zer izan behar du bidegurutze honetan?

F. R.: Katalunian 2017an ikusi zen: jendeak herri ekimenen bidez prozesua bultzatzen ez badu, ez dago zer eginik. Gizarte zibilak izan beharra dauka bultzatzaile nagusia, hau da, Gure Esku edo ANC bezalako elkarteek; eta alderdi politikoek atzean jardun behar dute. Hori da ‘proces’ osoa markatu duena.

J. E.: Herritarrik gabe ez dago burujabetza prozesurik. Hala ere, hori esatea errazagoa da egitea baino, eta kalean konturatzen ari gara. Gizartea aldatuz doa eta tentsio puntu horri eustea da tokatzen dena. Gainera, batez ere hauteskundeetan, asko entzuten da «herri akordioak» egin behar direla, baina horiei benetako zutabea falta zaie: herritarron indarra.

Askoz hobe litzateke bi herriek indarrak batzea. Zer suposatu dezake Euskal Herriak eta Kataluniak elkarrekin aurrera egiteak, erabakitzeko eskubidearen alde?

F. R.: Momentu honetan zubiak gero eta handiagoak dira. Azken finean, gure esparrua berdina da: Europako Batasunean bi herri gaude, bi estatu berdinen menpe. Batzen gaituzten puntuak badauzkagu, eta fronte horiek elkarrekin zabalduko ditugun momentua helduko da.