GARA Euskal Herriko egunkaria

EH Bildu: «‘Egin’ itxi zuten, altxatu ginen eta berriro altxatuko gara»

«Egin»-en egoitzaren atarian bildu ziren langile ohiak eta EH Bilduko ordezkariak. (Jon URBE | FOKU)

“Egin” egunkariaren itxiera bortitzetik 25 urte betetzen diren honetan, EH Bilduk gertakari hura gogora ekarri eta izan zituen ondorioak eta sortu zituen irakaspenak nabarmendu nahi izan zituen atzo goizean “Egin” egunkaria zenaren egoitzan, Hernaniko Eziago industrialdean. Bertan bildu ziren EH Bilduko ordezkariak eta Garzonen aginduz itxitako egunkariko langileak, “Egin” itxi bazuten ere herri oso baten auzolanaren bidez berriro altxatzeko gauza izan zirela gogora ekartzeko.

Ekitaldian EH Bilduko Maialen Urzelaik eta Gorka Elejabarrietak hartu zuten hitza, euskaraz eta gaztelaniaz, hurrenez hurren. “Egin” egunkari eta irratiaren itxiera «adierazpen askatasunaren eta informazio eskubidearen aurkako itxiera» izan zela ekarri zuten gogora, «PPk antolatutako muntaia politiko» batetik abiatu ostean Baltasar Garzon epaileak eta Polizia espainolak exekutatu zutena.

«Itxiera hura kolpe handia izan zen herri honentzat eta prentsaren aniztasunarentzat. Euskal kazetaritzak, indar politiko, sindikal eta sozialek salatutako erasoa izan zen, euskal gizarte osoak salatu zuen», nabarmendu zuten, 1998ko uztailaren 19an Donostiako kaleak hartu zituen manifestazio erraldoia gogoan, «prentsa askatasunaren, atxilotutako kazetarien askatasunaren eta batez ere informazio eskubidearen aldeko aldarria egin zuen manifestazio hura».

Orduan Gobernu espainoleko presidente zen Jose Maria Aznarren hitzak ere gogoan izan zituzten ekitaldian, «uste zuten ez ginela ausartuko» oldarkor hura, eta “Egin”-en aurretik zein ostean printzipio demokratikoen aurkako beste hainbat eraso egon zirela zehaztu zuten: «Ausartu ziren, noski. Herri honetan oso ondo ezagutzen ditugu Espainiako eskuindarren jarduteko moduak», baina atzokoa “Egin” egunkaria «izan zen guztia gogoratzeko eguna» zela nabarmendu zuten.

Ildo horretan, kazetaritza proiektu hura altxatzen jardun ziren bi pertsona ere gogoratu zituzten. Josu Muguruza, batetik, “Egin”-eko kazetari izana, diputatu akta jaso zuen egun berean Madrilen hil zutena. Eta orain gutxi zendutako Jabier Salutregi, egunkariko zuzendari izana, duela 25 urteko operazioaren ondotik espetxeratua. Hainbatetan adierazi zuen bezala, kartzelaldi haren markak ez zituen sekula ahaztu Salutregik.

Muguruza eta Salutregi «euskal herritarrei informazioa emateagatik» zigortu zituztela salatu zuten: «Josu eta ‘Salu’ ditugu gogoan, baina baita Espainiako Estatuaren errepresioa jasan zuten ‘Egin’-eko kazetari eta langileak ere».

ESKUINA GELDIARAZTEKO BOTOA

Amaitzeko, «Madrildik datorren haizeak» demokrazian eragin ditzakeen kalteetan jarri nahi izan zuten begia, eta “Egin”-en itxiera bezalako «beste eraso batzuk» etor litezkeela ohartarazi zuten. Hori ekiditeko, uztailaren 25ean botoa emateak duen garrantzian jarri zuten azpimarra.

“Egin”-en itxieraren ostean euskal herritarrek erakutsi zuten auzolanerako borondate eta trebetasuna gogora ekarri zuten, «txarrenari onena» atera eta «ahalegin kolektibo handi» baten bidez «imajinaezina» lortzeko gauza izan baitzen euskal jendartea: «Herri honetan sarritan egin dugun bezala, berriro altxatu ginen. Eta uztailaren 23an euskal herritarrek beste auzolan handi bat egiteko aukera izango dute, lan kolektiboa, espainiar eskuina geldiarazteko, oinarrizko eskubideak urratu nahi dituztenak geldiarazteko, duela 25 urte egin genuen bezala».

Auzolan horren bidez euskal ezker subiranistari «indar handiagoa» emateko aukera egongo dela nabarmendu zuten, eta EH Bildu «gehiago eta hobea» den heinean euskal herritarren alde «gehiago eta hobeto» egin ahalko dela, «eskubideak zabalduz eta kendu nahi dizkigutenak geldiaraziz».