GARA Euskal Herriko egunkaria
ARRAUNA

Hondarribia eta Arraun Lagunak, aurkariak eta erlojua baino azkarragoak

Bi traineru gipuzkoarrek lidergoa sendotu dute euren ligetan, «Lugareñe»-k marka hautsiz gainera.

Ioseba Amunarriz Hondarribiko patroiak urteko lehen bandera astindu zuen Bilbon. (M. RAMIREZ | FOKU)

Eusko Label eta Euskotren ligek denboraldiko lehen erlojupekoak izan zituzten atzo, Bilbon, eta bertan Hondarribia eta Arraun Lagunak izan ziren azkarrenak gaur berriro itsasora atera aurretik (Orion jokatuko da estropada). “Ama Guadalupekoa” ontzia lider ipini zen bakarka bere lehen bandera lortuta eta “Lugañene” traineruak hirugarren garaipena lortu zuen Bilbon -oraingoan, gainera, marka hautsiz- lidergoa sendotzeko.

Bidasoko kostaldean bazekiten gauzak ondo egiten ari zirela, betiko moduan, eta horren erakusgarri da Zierbenarekin lidergoan berdinduta zegoela. Atzo arte. Ohorezko txandan aritu zen Hondarribia. Erlojupekoa izanda, estropada eremuak bazituen bere ezaugarriak. Adibidez, alde asko sumatzen zen metro batzuk istriborrera joan edo metro batzuk ababorrera.

Sailkapen nagusia mantenduz, Zierbena izan zen azkena irteera ematen. Bizkaitarrek oso ondo hasi zuten proba. Lehen ziabogan denbora onena markatu zuten (4:38), Hondarribia bi segundora mantenduz eta aurreko txandan Donostiarrak egindako denbora (4:42) ere hobetuz.

Baina bigarren biraketan, “Ama Guadalupekoa” ontziak aurrea hartu zion. Hurrengo ziabogan aldeak mantendu ziren eta azken luzean Hondarribiak ez zuen barkatu.

Urdaibairi, iaz bezala, ez zitzaion estropada ona atera. Bermeotarrek oso urruti amaitu zuten, 11 segundora, nahiz eta hirugarren amaitu. Emaitza okerragoa lortu zuen Getariak, ohorezko txandatik bederatzigarren izan baitzen.

Kontrako aldean aipatu behar dira Donostiarra, bigarren txandan aritu eta laugarren amaitu baitzuen, edota Orio, txanda berean estropadako bosgarren izan baitzen. Baina beste traineru bat aipatu beharko balitz, hori Kaiku da. Denboraldiaurre eta Liga hasiera kaskarra egin ostean, atzo, Jose Luis Kortarenak oso ondo aritu ziren eta entrenatzaileak Gorka Varela patroiaren alde apustu egin zuen berriro ere. Lehen txandatik zortzigarren izan ziren.

MARKA HAUTSIZ

Bilboko uretan magia du Arraun Lagunak taldeak. Azken hiru urteetan irabazi du hango estropadan, erlojupekoan, eta atzo gainera, estropada eremuko marka hautsi zuen (10:24.20). Lehen txandako lau ontzien markak ezagututa abiatu zen “Lugañene”. Lehen ziabogan jada denborarik onena markatu zuen: 5:09. Aurretik zihoan Donostiarrak baino segundo bat gutxiago behar izan zuen Andrea Astudillo patroiaren taldeak. Eta bigarren luzean Arraun Lagunak-ek ez zuen erritmoa jaitsi. Hiru segundoko aldea atera zioten Donostiarrari eta bostekoa, Oriori, hirugarren.

Hondarribia, lehen txandako azkarrena Miren Garmendia patroiaren gidaritzapean, laugarren izan zen oso estropada ona eginda. Hibaikarekin lehia estu-estua izan zuen eta 0.70 ehunenengatik irabazi zuten berdeek txanda.