GARA Euskal Herriko egunkaria
ITSASOA

Marea biziak eta marea hilak: Zein da desberdintasuna? Nola eragiten dute?

Zein da marea hilen eta bizien arteko desberdintasuna? Nola eragiten dute olatuetan? Nola jakin dezakegu marea hilak edo biziak diren? Galdera hauei eta beste zenbait galderei erantzungo diegu, bainulari eta surflarientzat baliagarri izan daitezen.

Leku batzuetan mareak biziak direnean soilik egin daiteke surf; adibidez, haitzetatik urrunago egoteko mareak oso behean egon behar duen lekuetan. Irudian, Deba. (G. RUBIO | FOKU)

Duela hiru aste Euskal Herriko zenbait hondartzatan itsasaldiek duten eraginaz hitz egin genuen atal honetan, eta marea hilek eta biziek izan ditzaketen zenbait ondorioen inguruan ere jardun ginen. Adibidez, marea biziak direnean, Euskal Herrian itsasgora beti arratsaldez dela eta zenbait hondartza lekurik gabe geratzen direla aipatu genuen. Aitzitik, ez genuen azaldu itsasaldiek olatuen forman nola eragin dezaketen.

Hasi aitzin, zenbait gauza gogoraraziko ditugu. Itsasaldiak ilargiaren eraginez gertatzen dira, 28 eguneko ziklo batean. Horrela, aste batean marea hilak izaten dira, eta ondorengo astean, marea biziak. Hortaz, hilero bi astetan marea biziak izaten dira, eta beste bi astetan marea hilak.

Marea hilak direnean, itsasaldiak motelak dira: itsasgoran marea ez da asko igotzen eta itsasbeheran ere ez da asko jaisten. Marea biziak direnean, ostera, itsasgoran marea asko igotzen da eta itsasbeheran asko jaisten da.

Ilargi zikloa ilbeherarekin hasten da, hau da, zeruan ia ilargirik ikusten ez dugunean; aste horretan marea biziak dira. Hurrengo astean, ilgorarekin (ilargia erdira), marea hilak dira, eta hirugarren astean, ilbetearekin, berriz ere marea biziak. Azkenik, laugarren astean, ilbehera izaten da eta marea hilak izaten dira.

Egunero bi bider izaten da itsasgora eta beste bi bider itsasbehera. Batetik bestera sei orduko tartea izaten da eta egunero ia ordubeteko atzerapena gertatzen da. Gaur itsasgora goizeko zortzietan izan bada, bihar, gutxi gorabehera, 09.00etan izango da.

Koefizientea aldatu egiten da urte sasoiaren arabera, batzuetan marea biziak beste batzuetan baino biziagoak dira, eta marea hilekin ere berdin gertatzen da; batzuetan besteetan baino motelagoak izan daitezke. Adibidez, marea bizienak (koefiziente handienekoak) martxoan eta irailean izaten dira, udaberriko eta udazkeneko ekinozioekin.

Itsasaldiek ez dute eragiten olatuen altueran, baina hein batean, lehertzeko moduan eragin dezakete, eta horixe da gaur azalduko duguna.

ITSASALDIEN ABIADURA

Itsasaldiak ilargiaren eraginez sortzen dira, baina olatuak kostatik oso urrun izaten diren haizeteek sortzen dituzte. Aitzitik, gauza bat da olatuak non eta nola sortzen diren, eta bestea non eta nola lehertzen diren. Baina olatuen sorrera nola gertatzen den beste baterako utziko dugu.

Olatuei forma bi ezaugarrik ematen diete: hondoak eta haizeak. Garrantzitsuenak hondoak dira, haiek leherrarazten dute olatua indartsuago edo apalago. Haizeak olatuaren magala garbiago edo narrasago «orrazten» du.

Olatuak indartsu edo ahul bilakatzen dituena hondoa da. Sakonera handiko eremu batetik sakonera oso txikiko eremu batera pasatzen den uhina bat-batean lehertzen da, «tubo» famatua sortuz. Alderantziz, sakonera handiko uretatik urertzera bidean uhinak ez badu aparteko desnibelik topatzen, olatua pixkanaka lehertuko da.

Itsasaldiek olatuengan izan dezaketen eragina ulertzeko ezinbestekoa da itsasgora eta itsasbeheraren (eta alderantziz) artean zer gertatzen den ulertzea. Gutxi gorabehera sei ordu daude bien artean, baina koefizienteen arabera, metro gehiago edo gutxiago egin beharko ditu itsasoak denbora berdinean.

Hortaz, koefizienteak oso altuak eta oso baxuak direnean, itsasaldiak azkarragoak dira, eta baldintzak askoz ere azkarrago alda daitezke oso denbora laburrean. Horregatik deitzen zaie «marea biziak». Bainularientzat askoz arriskutsuagoak dira marea biziak; izan ere, ura gerriaren parean izatetik ura leporaino iristera pasa gaitezke minutu gutxitan. Gainera, lehen leku seguru batean ginen arren, ur gehiagorekin korronte gune batean izan gaitezke; zeren korronteak, olatuak bezala, hondoen arabera sortzen dira.

Koefiziente altuekin itsasaldien abiadura azkarragoa da, horregatik, marea bizien kasuan, eragina handiagoa da. Baina bada marea biziei eta hilei berdin eragiten dien beste abiadura mota bat, eta hori itsasaldiek irauten duten sei orduetan gertatzen da beti.

Itsasaldi batetik bestera itsasoak egiten dituen sei orduetan abiadura aldatu egiten da. Motel hasi, pixkanaka azkartu, eta berriz ere motelduz amaitzen da zikloa. Adibidez, itsasbeheratik itsasoa gorantz igotzen hasten da: bada, lehen orduan abiadura motela da, bigarren orduan abiadura bikoiztu egiten da, hirugarren orduan abiadura hirukoitza da, laugarren orduan ere abiadura hirukoitza da, bosgarren orduan berriz moteltzen da, eta bigarren orduan zuen abiadurara itzultzen da; eta seigarren orduan, berriz, lehen orduko abiadurara itzultzen da. Horregatik ikusten dugu marea gehienetan behean edo goian.

Horrek esan nahi du marea biziak direnean eta marea erdian denean, ziztu bizian doala itsasoa, eta honek eragina du olatuetan. Adibidez, badira marea erdian olatu hobeak izaten diren lekuak, beraz, leku horientzat marea hilak dira egokienak; marea biziekin oso gutxi irauten baitu momentu egokiak. Aitzitik, marea oso behean edo oso goian hobeto funtzionatzen duten lekuetarako, marea biziak dira hoberenak, zeren itsasaldien abiadura azkarragoa izan arren, itsasgoran eta itsasbeheran abiadura asko moteltzen denez, une egokiak nahiko denbora iraun dezake.