GARA Euskal Herriko egunkaria

«EH Bildu da gazteak ondoen ordezkatzen dituena»

Bilbon egin zuten ekitaldia. (N. L.)

Ekitaldia egin zuen EH Bilduk hainbat gaztek lagunduta, atzo, Bilbon. Pello Zabarte Kongresurako Bizkaiko hautagaiak eta Mertxe Aizpurua Kongresurako Gipuzkoako zerrendaburuak hitza hartu zuten eta koalizio subiranistarentzat botoa eskatu zuten: «EH Bildu bozkatu behar da, ordezkatzen gaituelako, euskal gazteria ondoen ordezkatzen duena delako».

Agerraldira batu ziren gazteek EH Bildu bozkatzeko konpromisoa berretsi eta gauza bera egitera gonbidatu zituzten Euskal Herriko gazteak. «Aukera dugun toki guztietan» bultzatzen jarraitzeko asmoa agertu zuen Zabartek, «kalean, udaletxeetan bezala, parlamentuetan eta noski, Madrilen ere bai».

Inkonformismotik mintzatu zen Zabarte: «Euskal Herria zazpi lurraldez osatutako nazioa dela aldarrikatzen dugu, LGTB kolektiboaren desirak eta askatasunak muturreraino defendatzen ditugu, gure lurra eta planetaren etorkizunak kezkatuta, honen oreka eta oparotasuna bermatu nahi ditugu».

Zabartek zerrendatutako arazoei erantzuteko beharraz aritu zen Aizpurua: «EH Bildu anbizio horrekin aurkezten da gazteen aurrean».

Gipuzkoako hautagaiak azaldu zuen Madrilen «gustatuko litzaigukeena baino askoz gehiago erabakitzen» dela eta hori horrela den bitartean EH Bilduk erabakiak «norabide egokian hartu daitezen» lan egingo duela, baita eskubide eta askatasun gehiago lortzeko ere: lanpostu duinak, gutxieneko soldata 1.200 eurokoa izatea, 45 eguneko kalte ordaina, buru osasunerako aurrekontua handitzea eta Lehen Arreta indartzeko MIR plaza kopurua handitzea, besteak beste.