GARA Euskal Herriko egunkaria
Elkarrizketa
OIER ETXEBARRIA
Aspeko pilotaria

«Erabakia ondo pentsatutakoa da: pilotak ez dit jaten emango»

Gaur gauean Bermeon lau urte eta erdiko pilotari profesional ibilbidea amaitutzat emango du Igorreko atzelariak, 25 urterekin. Duela bi urtetik hona, Ormazabal enpresan ingeniari gisa lanean dihardu eta, pilotan egin beharrekoak eginda eta bi lanak bateratzea oso zaila egiten zaiola ikusita, gerrikoa eskegiko du behin betiko. Elkarrizketa osoa, NAIZen.

(Oskar MATXIN_EDESA | FOKU)

Pilota uztearen erabakia hartzea asko kosta zaizun erabaki bat izan da?

Nik ikusten nuena zen bi gauzetan ondo ibiltzea oso zaila dela. Azkenean kirol profesionalean dedikazioa ia esklusiboa izan behar da eta, horri laneko orduak gehituz gero, nahiko zaila da biak ondo bateratzea. Erabakia pentsatutakoa izan da. Orain dudan lana gustukoa dut. Nik uste dut pilotak ez didala jaten emango, eta hortik hartu dut erabakia.

Duela gutxi Uriondok utzi zuen antzeko arrazoiengatik. Ez dakit hauxe den pilotaren errealitate berria, punta puntakoa izan ezean, oso zaila dela ibilbide luze bat egitea.

Uriondoren kasua antzekoa izan zen. Azkenean, pilotarekin egunerokotasunerako ondo, baina aurrera begiratuz gero... Imajinatu esperientziarik ez duen 30 urteko gazte bat, enpresek esperientzia oso kontuan hartzen duten zerbait izanda, lan munduan sartzea ez da batere erraza izango. Pilotari ibilbidea gaur egun nahiko laburra da; uste dut Aspeko taldeko zaharrena Jose [Zabaleta] dela, 32 urterekin. Urte txar bat, eskuko arazo bat, eta beti zaude kolokan, ze kontratuak laburrak baitira.

Eta beterano guztiak izarrak edo izarrak izandakoak dira. Erdi mailako pilotarientzat oso zaila da jarraitzea.

Zuk esan moduan, erdi bidekook, promozio mailakoek, normalean kontratu laburrak izaten ditugu, eta urte txar bat, lesio bategatik ezin zurea eman eta azpitik norbait indartsu badator, ba, badakizu: sartzen direnak, irteten direnen ordez.

Azkenaldian hala izan da. Eta Garmendia, Martinez Ugalde... pilotari batzuk egon dira denbora gutxi egin zutenak profesionaletan, eta iruditzen zait enpresek ere denbora apur bat gehiago eman beharko luketela. Esan bezala, lehen mailara egokitzea batzuei gehiago kostatzen zaie, beste erritmo batera jokatzen da afizionatu mailarekin alderatuta. Eta gero, bada, eskuetako arazoekin zaudenean oso zaila da buelta ematea, berriz ere konfiantza hartzea eta zure mailara itzultzea.

Nolakoa izan da zure azkenaldiko egunerokoa?

Orain justu nahiko ondo, ekaineko bigarren astetik iraileko bigarren astera lanaldi trinkoa baitugu, eta goizeko zazpietatik ordu bietara lan egiten dugu, edo zortzietatik hiruretara. Gainerakoan, normalean zortziak inguruan sartzen nintzen lanera, eta 17.30ean irten; zerbait jan eta entrenatu, afaldu, telebista pixka bat ikusi, telesail bat ikusi eta ohera. Zortea izan dut, ze bai Aspek eta bai Ormazabalek, biek, bi lanak uztartzen utzi didate, eta astean behin goiz batean lanetik irteten nintzen Jokinekin [Etxaniz] entrenatzeko.

Egiteko zerbait geratu zaizu? Arantzatxoren bat? Promozioko bi txapel lortu eta gorago ez jokatzea frustragarria da?

Pare bat arantzatxo baditut. Esaterako, Iker Salaberriarekin bi Binakako promozio txapelketa oso on egin genituela eta ez ginela azkenean finalera heldu, nahiz eta ligaxkan emaitza oso onak lortu. Eta gero, ondo egon naizenean, ikusten nuen beste partidaren bat-edo izarrekin jokatzea ondo egongo zela. Niretzat ez da frustraziorik izan, ze nik badakit zein den nire jokoa eta badakit, nire mailarekin, gorago aritzea oso zaila dela. Fresko egon naizenetan, abantaila pixka batekin, izarrekin partidaren bat jokatzea gustatuko zitzaidan.