GARA Euskal Herriko egunkaria

Madalenak, garaiz Arrigorriagan; Aixerrotako paellak bi egun atzeratuko dira

Bizkaian ere aurrera doa aurtengo jaien egutegia, eta asteburu honetan Arrigorriagako madalenen txanda izango da. Getxoko Aixerrotan, aldiz, U-23ko hauteskundean direla-eta, igandetik asteartera atzeratu dute paellen nazioarteko txapelketa.

Aixerrotako txapelketan, 400 paella urtero. (Monika DEL VALLE | FOKU)

Hego Uribe eskualdeko Arrigorriagan, gaur arratsaldeko 20.00etan botako dute jai hasierako txupinazoa. Aurten, Aritz Berri Dantza taldeak eta Ollarganeko C.D. Adiskideak taldeak botako dute, 25 eta 40 urte betetzen dituztelako, hurrenez hurren. Ondoren, kalejira hasiko da Sakatu elektrotxaranga, Sama Siku fanfarrea eta Aritz Berriko txistulari eta lagunekin, eta 20.30ean txosnak zabalduko dira.

Aurtengo jaiak asteartera arte luzatuko dira eta, besteak beste, aipatzekoak dira bihar arratsaldean Georgiako eta Indonesiako folklore taldeek eskainiko dituzten kalejira eta ibilaldia. Igandean, berriz, ume eta gazteen eguna ospatuko da, eta astelehenean, mozorro eguna. Egun honetan, baita ere, bertso bazkaria egingo da Iker Garritagoitia, Nerea Ibarzabal eta Sustrai Colina bertsolariekin, eta iluntzean pilota profesionala (Elezkano-Martija eta Elordi- Eskuza).

Azken eguna, beraz, uztailaren 25ean izango da eta egun hori txapelketa gastronomikoei eskainita egongo da. Izen-ematea goizeko 10.30ak baino lehen egin beharko da udaletxean eta kazuelen aurkezpena 12.30etik aurrera. Sari banaketa, azkenik, arratsaldeko 17.00etan egingo da.

Eraso matxistarik gabeko jaien alde, Arrigorriagako Udalak eta herriko talde feministek zenbait ekimen abiatu dituzte, Jai Batzordearekin koordinatuta. Horrela, herritarrek osatutako Brigada Moreak antolatu dituzte jai eremuan txandaka ibiltzeko eta, haien presentziarekin, indarkeria matxistari aurre egiteko. Era berean, Puntu Morea zabalik egongo da egunero.

AIXERROTA, BI EGUN GEROAGO

Getxoko Aixerrotan, bestalde, bi egun atzeratu dute paella txapelketa.

Dagoeneko 68 urte bete dituen ekimen gastronomiko hori igandean ospatu izan da azken urteetan, baina, uztailaren 23an hauteskundeak direla-eta, Santiago egunera atzeratzea erabaki dute.

Egunaren aldaketa alde batera utzita, Itxas Argia elkarteak antolatzen duen txapelketaren egitarauak ez du aldaketa handirik izango. Horrela, izen emateak goizeko 10.30ean egingo dira eta, eguerdiko txalapartarien deiaren ondoren, aurreskua eta Itxas Argiko gazteen emanaldiak izango dira. Paellen aurkezpena eguerdiko 13.30etik aurrera egingo da eta sari banaketa 17.30ean izango da.

Getxoko Udalak duela sei urte martxan jarritako segurtasun proiektuari jarraipena emango dio, segurtasuna, ingurumenarekiko errespetua eta garbitasuna areagotzeko asmoz. «Gozatu jaiez, pinudia errespetatuz» leloarekin, bertaratzen direnak ingurumenaren balioez kontzientziatu nahi ditu.