GARA Euskal Herriko egunkaria
MIGRATZAILEEN ALDEKO PROTESTA

Muga irekitzearen aldeko Ekimena Pausuko zubian

Hainbat hautetsiren sostenguarekin, muga irekitzearen aldeko eta migratzaileen aldeko aldarrikapenek hartu zuten atzo Pausuko zubia. Mezu horiek zeramatzaten afixak jarri zituzten ekintzaileek Poliziaren etxolan.

Poliziaz mozorrotutako ekintzaileak, gidariei informazioa banatzen. (Patxi BELTZAIZ)

Urruñako eta Biriatuko auzapezak, Filipe Aramendi eta Solange Demarcq-Egiguren, hurrenez hurren, eta Hendaiako hainbat hautetsi presente izan ziren atzo eguerdian Irungo Behobia eta Urruñako Pausu auzoak lotzen dituen zubian, migratzaileen alde antolaturiko ekimenean.

Hala ere, Euskal Herria Bai, Frantzia Intsumitua, Berdeak-Europe Ecologie eta Alderdi Sozialistako ordezkariak batu zituen ekimen honetara batu ziren herritarrei haien sostengua helarazi zien Ipar Euskal Herriko erakundearen buruak, Aramendik bere hitzartzean nabarmendu zuenez.

«Herritarrak eta hautetsiak ildo beretik goaz eta horrela segituko dugu lanean muga behin betiko irekitzea lortu arte», adierazi zuen gizarte zibileko ordezkarien izenean, Aintzane Lasarte Bidasoa Etorkinekin Elkarteko kideak. Adierazpenok Pausuko zubian ezarritako “mugako informaziogunea” erretiratzeko unea heldu baino lehen egin zituen.

Hiru ordu laurden inguru eman zituzten poliziez mozorroturiko ekintzaileek Hendaiako hondartzara heltzeko irrikaz zubia zeharkatzen zuten auto gidariei esku-orriak banatzen -ibiltzeko baimen gisa- eta ekimenaren arrazoien gaineko azalpenak ematen.

«Euskal Herrian errefuxiatuak ongi etorriak dira», azpimarratu zuten txantxetako poliziek, eta gehienetan autoetako gidarien irribarrea eragin zuten, beste sasi-polizia bibotedun batek mugaren informaziogunea zaintzen zuen bitartean. Benetako poliziak, anartean, Pausuko biribilgunetik beha ziren.

KORRIDORE BAT, ETA AUTO-ILARA LUZEAK

Espaloietatik banderolak eta elkartasun mezuak zituzten kartelak astinduz, hamarka herritarrek korridorea osatu zuten Behobiatik Pausurako norabidean.

Kontrako bidean pasa ziren hainbat herritarrek autoaren klaxona sakatu zuten, ekimena agurtzeko keinu gisa.

Zubia blokeatu ez bazuten ere, ekintzaileen performance delakoak iraun zuen bitartean auto ilara luzeak sortu ziren Behobia aldera. Gidariren bat edo beste haserre azaldu zen.

«Arazo humanitarioa izateaz gain, arazo juridikoa bilakatu da guretzat muga ez baina zubi behar lukeenaren itxiera», salatu zuen Urruñako auzapezak.

Antolatzaileen bozeramaileak, bere aldetik, «mugen itxierak giza eskubideak urratzeaz gain, bizitzak arriskuan jartzen dituela» oroitarazi zuen. Aintzane Lasartek salatu zuen Bidasoaldean bederatzi migratzaile hil direla 2021ko urtarrilaz geroztik, polizien kontrolek trabatzen duten muga zeharkatzen.

Arazo larri horretaz ohartarazteko, uztailaren 22 honetan Pausun burutu duten «filtro operazioa»-ri bukaera emateko, herritarrek migratzaileen aldeko leloekin papereztatu zuten frantses poliziek azken hilabetetan aski abandonaturik zubian duten etxola.

Gerald Darmanin Barne ministroaren potreta, berriz, etxola ondoko komunaren atean ezarri zuten.

Muga ireki arte, herritarrek eta hautetsiek eskuz esku lanean jarraitzeko engaiamendua berretsi zuten Pausuko zubian antolaturiko ekintza berezi honen amaieran.