GARA Euskal Herriko egunkaria

Gaubeiletan


Udako gau epelak, lagunarteko elkarraldiak, hizketagai interesgarriekin. Uste dut hori dela udatik bereziki nabarmendu eta apartatuko nukeena. Gaubeilak, lo egiteko orduetan iratzarririk ematen den denbora dela dio hiztegiak. Eta uda denbora geldoago igaran ohi den urtaroa dela errango dut nik, aldartea hobetzen den sasoia. Edo iragan berri dugun pandemiak bereizi zuen hura guztia berreskuratzen ari garen tartea.

Gurean Hegoalde-Iparralde dikotomia aztergai oraingoan. Nortasuna atxiki edo galdu, arima mantendu edo kanpokoari saldu. Euskaltasuna, iragana eta etorkizuna. Generalizazioa. Aspaldiko partez hango bat hemen hobeto gaudela erranaz, inbidia sentitzen duela, badirela aldarriak, dinamikak; lozorroa eta indibidualismoa baizik ez dela instalatu han. Hemen eta han, han eta hemen. Bidasotik harago Euskal Herri bat badago. Udako ikastaroetan entzun diot Gaizka Arangureni mugaren existentziaz, muga desberdinez, irekiera nahiz hertsidurez. Baina Hegoaldeko euskaldun batek Espainiako telebistak, irratiek eta abarrek lantzen dituzten irudiak dituela erreferentzia, eta Iparraldeko euskaldunek Frantziakoek lantzen dituztenak, izan politiko, sozial nahiz kulturalak.

Muga bat egin dela gure jabe, eta hori hausteko erabaki politikoak behar direla beste ezeren gain. Musikarekin ere ez gara jarriko ados bestelakoan. Gai bat, bi eztabaida, bi euskaldun hiru sesio, hori gara gu, ordea. Asmatuko dugu ala ez, baina saiatuko garela badakit, arituko garela eta, agian, egin egingo dugula.