GARA Euskal Herriko egunkaria

Otegi: «Herriak ez du nahi gobernu faxistarik espainiar Estatuan»

Oskar Matute, Mertxe Aizpurua, Arnaldo Otegi eta Gorka Elejabarrieta, atzo Donostian egindako agerraldian. (Jon URBE | FOKU)

«Gero eta jende gehiagok konektatzen eta sentitzen du EH Bilduren aldeko botoa, bere proiektu politikoaren aldeko botoa, baliagarria dela beraien bizitzak hobetzeko eta eskubide nazionalak eta sozialak konkistatzeko». Hala adierazi zuen Arnaldo Otegi EH Bilduko koordinatzaile nagusiak atzo Donostian egindako agerraldian. Bertan gogoratu zuenez, espainiar Estatuan bakarrik hiru alderdik egin dute gora boto kopuruan igandeko hauteskundeetan: PPk, PSOEk eta EH Bilduk.

Amaiurrek 2011eko azaroan lortutako emaitzak gainditu zituen EH Bilduk igandean, eta orain dela lau urteko emaitzekin alderatuz 55.000 boto gehiago jaso zituen, nahiz eta parte hartzea baxuagoa izan. «Berriz ere frogatu da guretzat estrukturala den tendentzia bat, abstentzioa igotzen denean ere EH Bildu igo egiten da».

Otegiren esanetan, lortutako emaitzek agerian utzi dute Hego Euskal Herriko herritarrek saritu egiten dutela subiranistek azken lau urteetan egindako lana. «Baloratu egin dute gure koherentzia eta lan politikoa egiteko era», adierazi zuen.

Nabarmendu zuenez, maiatzaren 28an udal eta foru hauteskundeetan EH Bilduk «urrats inportantea» egin zuen eta oraingoan «berriz ere ezker independentista indartu baten aurrean gaude». Sei diputatu izango ditu Kongresuan eta bost senatari.

PP ETA VOXEN PORROTA

Halaber, Otegik esan zuen euskal herritarrek argi utzi dutela «espainiar Estatuan gobernu faxistarik ez dutela nahi».

«Hori argi utzi zuen atzo gure herriak. PP eta Voxen aukera uxatu nahi duen herri bati buruz hitz egiten ari gara», gaineratu zuen, eta ideia hori alderdiek kontuan izan behar dutela azpimarratu zuen EH Bilduko koordinatzaileak.

«Askotan esaten da herriak duela hitza eta erabakia, eta hitz egiten duenean, gutxienez, saiatu behar gara ulertzen zer esan digun», gaineratu zuen.

Ildo horretan, azpimarratu zuen «bloke erreakzionarioaren porrot baten aurrean gaudela», eta horrek «pozten gaitu antifaxistak garelako, eta oraindik ere aukera leiho bat irekia» dagoelako espainiar Estatuan «beste mota bateko alternatiba eraikitzeko».

«Egia da zenbakiak direnak direla, eta zailtasun handiak daudela, baina gure herriak oso argi utzi du ez duela nahi inondik inora ere PP eta Voxeko gobernu bat espainiar Estatuan; eta guk gure herriari emandako hitza beteko dugu», esan zuen.

Gogoratu zuenez, kanpainan EH Bilduk iragarri zuen «balantza antifaxismora, burujabetzara eta ezkerrerantz» mugituko duela, eta errepikatu zuen «gure esku izanez gero eskuina eta eskuin muturrak» ez duela gobernatuko.

«Gurean ez dago espekulaziorik, ezta distantziakidetasunik ere. Aukera baldin badago, guk aukera leihoen aldeko apustua egingo dugu eta bloke erreakzionarioa aldenduko dugu boteretik espainiar Estatuan, Euskal Herrian egiten dugun bezala».