GARA Euskal Herriko egunkaria

Algortan eta Larrabetzun lehertuko da jaia asteburu honetan

Saninazioak ospatuko dituzte Getxoko auzoan, beste herri askotan bezala, eta jendetza biltzea espero dute, urtero legez. Txorierri bailarako udalerri txikienean, Gazte Eguna izango dute larunbatean, egun osoko egitarau oparoa lagun, zuzeneko musika tartean.

Iaz, Kimetz abesbatza, Algortan. (Marisol RAMIREZ | FOKU)

Euskal Herriko herri eta auzo askotan ospatuko dituzte saninazioak asteburu honetan, eta horien artean da Algorta. Bizkaian badute beste hitzordu bat ere, Larrabetzuko festak oraindik hasi ez badira ere, Gazte Eguna ospatuko dute motorrak berotzeko.

Algortako jai herrikoienetakoak dira saninazioak eta milaka lagun elkartzen dira Getxoko auzo horretan urtero, txosnak, su artifizialak eta musika emanaldiak tarteko; gaurko egunez hasiko dira aurtengo festak, uztailaren 28tik 31ra izango dira, jai batzordeak egindako hilabeteetako lan handiari esker.

Jaien hasiera ofiziala gaur arratsaldean izango da (uztailak 28), San Nikolas plazan; Kolokili taldeak izango du pregoiaren ardura, 2022ko kuadrilla-txapelketaren irabazleak beraiek izan baitziren. Ikurrinari omenaldia egingo diote, eta suziria botako dutenak, berriz, Zutik Eneko Caballero futbito txapelketako antolatzaileak izango dira, azken 25 urteotan txapelketako arduradunak izan direnak. Ondoren, kuadrillen desfilearen txanda izango da, herriko gazteek mozorrotuta egiten dutena, hain zuzen.

Bihar, larunbata, eskaintza oparoa izango dute algortarrek; goizean goizetik Txipiroi Lehiaketa abiatuko da, eta dianarekin batera alaituko dituzte herriko kaleak. Txipiroi lehiaketan ez ezik, gazte bazkarian eta bazkari herrikoian jateko aukera egongo da.

Musika arloan non aukeratu izango da, zalantzarik gabe: DJak, mariatxiak, rock musika, maketa lehiaketa, erromeria... Lehiak ere ez du hutsik egingo: xake txapelketa, Bizkaiko zaku eramate txapelketa, estropada, igel-toka txapelketa, sokasalto txapelketa... Egitarau zabala eta askotariko eskaintza osatu badute ere, jai batzordearen esanetan hauek dira lagun gehien biltzen dituzten jarduerak: kuadrillen arteko lehia, zezensuzkoa, kuadrillen jaitsiera, erraldoi eta buruhandiak eta bertso saioak. Gainera, aurten, Gazterdi lehiaketa antolatu dute lehen aldiz, 12 eta 16 arteko kuadrilla gazteentzat. Beraz, gustu eta adin guztitako herritarrek izango dute gozatzeko tartea gaurtik astelehenera bitartean.

Festen aurretik, Gazte Eguna

Larrabetzuko festak, berriz, abuztuan izango dira, urtero legez. Aurretik, ordea, “Gazte egune” ospatuko dute larunbatean (uztailak 29), herrian ospe handia duen jaia da, baita inguruan ere, gazte asko hurbiltzen baitira Txorierri bailarako herrira. Hori Bai gaztetxeak du antolakuntzaren ardura, eta egun osoko egitaraua prestatu dute, zuzeneko musikak tarte handia izango duena.

Goizean zehar Kittu ariko da. Eguerdian denek elkarrekin bazkalduko dute, eta, ondoren, olinpiaden txanda izango da. Lehiaren ostean, Sakatu elektrotxarangak girotuko du herria. Gauean, ekitaldia eta puntako kontzertuak izango dituzte herriko plazan, egungo euskal musika eszenako talde ezagunen eskutik: Kaleko Urdangak, Belako eta Raimundo el Canastero. Horretaz gain, gau osoan zehar DJak ariko dira Hori Bai gaztetxean: Pantx Records, Denso eta Puñales.