GARA Euskal Herriko egunkaria

Azpeitia eta Oiartzun dira parrandazaleen Gipuzkoako hurrengo geltokiak

Lurraldeko herri eta auzo askok ospatzen dituzte San Inazio jaiak, baita sanestebanak ere, aspaldiko tradizioari jarraituz. Asteburu honetan bertan hasiko dira hainbat herritako egitarauak, eta musika, dantza, lehia eta umore ona ez dira faltako ospakizunetan.

Uztailaren 30ean botako dute suziria Azpeitiko udaletxeko balkoitik. (Jon URBE | FOKU)

Uztail amaieran abiatu eta abuztuaren hasierara arte Euskal Herriko txoko askotan jaien bigarren aldia hasi ohi da, jadanik uda hasierakoen entrenamendua lagun, eta uda agurtzeko gau luzeak oraindik urrun sumatzen direlarik. Datozen egunetan festak abiatuko diren bi herri Azpeitia eta Oiartzun dira, biak ala biak eskaintza zabalarekin.

San Inazio jaiak handiak izaten dira Azpeitian, eta egitaraua uztailaren 21etik martxan duten arren, txupinazoa igandean botako dute (uztailak 30), 12.00etan, udaletxeko balkoitik. Hala, abuztuaren 2ra arte izango dira jaiak Azpeitian: “saninaziyuek”, herrian dioten moduan. Suziri nagusia botatzeko ardura Laia Juez Mancebo, Mailu Etxeberria Sudupe, Maryuri Nikoska Diaz eta Eider Irureta Uribesalgok izango dute, alkatea ondoan dutela. Laurak ere adinekoen zaintzaileak dira, eta han izango dira, lanbide horri ohore egite aldera.

Herri bazkaria, zezenketak, bakailao txapelketa, su artifizialak, umeentzako jarduerak... herriko festa nagusiak dituzte saninazioak, eta, diotenez, urtetik urtera programa zabal eta askotarikoagoa osatzea lortzen dute.

LAU EGUNEZ ETENIK EZ

Igandean botako dute suziria eta herri bazkaria ere egun berean egingo dute; jarraian jolasak dituzte antolatuta txosnagunean. Astelehenarekin tokatzen da aurten Azpeitian egun seinalatua izaten dena: San Inazio eguna. Urteroko ohiturari lotuz, azpeitiar guztiek ospatuko duten eguna izango da, eta horretarako goizean goizetik hasi eta egun osorako egitaraua prestatu dute.

Musikari dagokionez, Olazko Amaren plazan, Plaza Nagusian eta txosna gunean banatuko dituzte denetariko kontzertuak: Pantxoa Karrere, Manitu, Muxutruk erromeria, Puro Relajo, Chambao, Istilu, Obaneuke erromeria, Bulego taldea eta Malakias. Bada zertaz gozatu!

XANISTEBANAK ERE BERTAN

Abuztuaren 2tik 6ra ospatuko dituzte jaiak Oiartzunen, eta «guztion gozamenerako osatutako egitaraua» aurkeztu dute herriko eragileek eta Oiartzungo Udalak, “xanistebanetarako”.

Uztailaren 31n hasiko dituzte kirol eta kultur ekitaldiak, urtero bezala, guztia jaietako bost egunetan pilatu ez dadin. Gainera, abuztuaren 1ean kultur ekitaldia egingo dute, eta, horren barruan, nabarmendu diren herritarrei omenaldia ere egingo die Udalak, urtero osatzen den urtekariaren aurkezpena egitearekin batera. Edonola ere, abuztuaren 2an botako du Hilario Arbelaitz sukaldariak festei hasiera emango dien suziria udaletxeko balkoitik: «Bizitza osoko lanagatik eta Oiartzun sukaldaritzaren erreferente bihurtzeagatik» aukeratu du Jai Batzordeak Arbelaitz, Zuberoa jatetxea ixtea erabaki duen urtean.

Denetik izango dute jaietan: sokamuturra, Oiartzungo produktuen azoka, haurrentzako jarduerak, dantzaldiak, herri kirolak, sagardo eta pintxo lehiaketak, bertsolariak, bakarrizketak...

EGUN BAT, ESKAINTZA BAT

Abuztuaren 3ko arratsaldea berezia izaten da oiartzuarrentzat, batzuk bezperako biharamunaren damu izaten badira ere, sokatira txapelketa izaten dute herrian, lehia eta parranda giroa uztartzen asmatu duten ekitaldia. Ostiralean, baserritarren egunean, auzo guztietako baserritarrak plaza inguruan elkartu ohi dira, eta elkarrekin igarotzen dute eguna. Larunbatean, berriz, Gazte Eguna ospatuko dute; bazkaria izaten da eguneko une garrantzitsuena, baina eguerdian txupinazoa botata emango diote hasiera egun osoko egitarauari.

Musika emanaldiak bi gune nagusitan izango dira; batetik, Done Eztebe plazan: Trikidantz, Janus Lester, Mikeltxi DJA, Olaia Inziarte, Patxi Perez eta Laiotz taldeen kontzertuak izango dituzte. Bestetik, txosna gunean eta Zimitiyoko txosnan: Kuluxkaklan, Dupla, Mugan, Zulo, Dj Bull, Zurrounk, Bide Batez, Alarma Morea, Dj Fresa Morango, Dj La Fulana, Añube eta Dantzall Sound.

Gauzak horrela, jaia, musika eta dantza nahi duenak, izango du zeregina Oiartzunen.