GARA Euskal Herriko egunkaria
HAUSNARKETA

«Abiadura mendizaletasunaren etikaren gainetik al dago?»

Joan den ekainean, Dani Arnoldek Salbitschijeneko (Suitza) hiru ertzak bakarka bederatzi orduan sinatu eta gero, galdera horren inguruko azterketa luzea egin du.


Dani Arnolden izena hedabide espezializatuen izenburuetan duela hamabi urte azaldu zen lehen aldiz. 2011. urtean alpinismoaren kolektiboa zur eta lur utzi zuen Eiger-en, bakarkako jardun batean, abiadurako errekorra ezarri ondoren. Ordutik, espezialitate horretan ez du etenik izan. Izan ere, Alpeetako sei iparraldeko horma nagusiak estilo horretan igo zituen. Horietan ere marka izugarriak egin zituen. Hots, Grandes Jorasses-etan, Cervinon edo Matterhonen, Piz Badilen, Petit Drun eta Lavaredoko Gailur Nagusian.

Arroketan, elurretan zein izotzetan, suitzar horrek erakutsi du makina bat dela, alde guztietatik begiratuta. Bakarka integraleko eskaladetan inork gutxik aurreikusten zuen agerraldia izan du. Joan den ekainean azken proiektu azpimarragarria sinatu zuen.

Etxean bertan jardun zuen; hain zuzen ere, Salbitschijeneko hiru ertz ikusgarrietan. Bertakoek diotenez, ekialdeko (5a, 400), mendebaldeko (6b, 600 m) eta hegoaldeko (5+, 500 m) ertz horiek Suitzako Alpeetako ederrenetarikoak dira. Bada, alpinista honek hiru ertz horiek (1.500 m, 70 luze) 9 ordu eta 36 minutuan lotu zituen. Datu adierazgarri bat: sokada normal batek mendebaldeko ertza (31 luze) hamabi orduan egiten du.

Nahiz eta erritmo oso handian eskalatu zuen, Arnoldek elur askorekin topo egin zuen. Horregatik, botak eta katu-oinak seitan aldizkatu behar izan zituen. Horrez gainera, badu bitxikeria bat kontatzeko: «Une jakin batean, elurra magnesioko poltsan sartu zitzaidan. Magnesioa izorratzeaz gain, hatzak hoztu zitzaizkidan. Hutsegitea izan zen; eskerrak amaierako ekialdeko ertz samurrean izan zela!».

Aktibitate ikaragarri hori egin eta gero, suitzarrak beta izan du bakarkako eskaladen inguruan hausnartzeko. Eta argitaratu berri duen idatzian, lehenik eta behin, honako galdera egin dio bere buruari: «Mendizaletasunaren etikaren gainetik al dago abiadura?» Hurrengo lerrootan, Arnoldek berak galdera horri erantzun oso zabala eman dio.

ABIADURA

«Azken hamar urteotan arduratu nauen galdera izan da. Profesionala den edonork badaki errekorrak ezarri behar direla: azkarrena, lehena, gazteena… Superlatiborik gabe ez dago publizitaterik. Babesleek ez dizute dirurik emango publizitaterik ez badago. Hitz gutxiko gizabanakoa naiz, baina gai honek arduratzen nau.

«Bide alpino asko inor baino azkarrago igo ditut. Eta horrekin aitortza ugari jaso ditut. Zorionekoa naiz arrakasta horiek lortu ditudalako, eta onartu behar dut horma handiak azkar igotzen gozatzen dudala.

«Soilik abiadura kontu bat da? Errekor bat egiten denean, uste dut estiloak garrantzia izan behar duela. Horregatik guztiagatik ezin da abiadura etikaren gainetik jarri. Mendizale on bat da diziplina guztietan maila nahiko altua duena. Hots, arrokan, izotzean, mistoan… Eta hori guztia goi mendian eta mundu zabaleko mendietan indarrean jartzen duena mendizale on bat da. Ez dut zalantzarik: diziplina guztien artean alpinismoa gorena da. Lehen igoera alpino bati azpimarra jartzen diot. Eta ez hainbeste eskalada horrek duen zailtasun tekniko handiari.

«Hortaz, beste eite batzuek hartzen dute indarra. Adibidez, ziurgabetasuna menderatu, arriskua ondo kudeatu… Horrek guztiak kirol eskaladarekin alderatzen gaitu. Azken horretan eroriko bat badut, sokatik zintzilik geratuko naiz. Eskalada alpinoetan, aldiz, akats baten ondorioz hil zaitezke.

«Azpi diziplina batzuk badaude, eta lehentasun pertsonalak ere. Horregatik ezin duzu diziplina guztiak menderatu, baina horren ordez era ezberdinetako irtenbide kreatiboak bilatzen ditugu. Alpinismoan abiadura praktika dezakezu, saia zaitezke neguan bide berri bat igotzen, bakarka integraleko jarduerak egiten… Hauek guztiak alpinismoaren aldaerak baino ez dira, eta erabiltzen ditugu barruan duguna azaltzeko, geure buruak zein gaitasunak probatzeko… Nik, bederen, erronka batean bihurtzen diren egoerak bilatzen ditut apropos. Ez dut arrakasta azkarra eta erraza bilatzen.

«Mendian bakarrik egotea da eskarmentu aberasgarriena. Erabaki guztiak nik neuk hartzen ditut; hots, ez ditut partekatu behar. Bakarkako jardunei ekin aurretik, lehenik eta behin diziplina ezberdinetan maila ahalik handiena lortzen saiatzen naiz. Besteak beste, indar, teknika, erresistentzia eta eskarmentu gehiago izateko.

«Zein da helburua? Gailurra ala kronoa? Edo helburua lortzeko egiten den prozesua? Hautatzen dudan jarduerak estilo oso zehatza izan behar du. Era asko daude, eta zilegi dira denak. Baina nik argi eta garbi dut nola egin nahi dudan. Proiektu bat aztertzen dudanean, adibidez, honako galderak egiten dizkiot neure buruari: Bakarrik edo sokakide batekin egingo dut? Zein tresneria eramango dut? Ze ibilbide hautatuko dut? Bakarka ala bakarka integralean egingo dut?

«Niretzat inportanteena etxera onik iristea da. Gai horrek hainbat erronka eta gatazka sortzen ditu. Batetik, jarduera horretan ahalik eta intrantsigenteena izan nahi dudalako. Eta bestetik, eskalada hori ahalik seguruen egin nahi dudalako. Ez dut akatsik egin nahi, baina era berean esperientzia handiena bizi nahi dut. Nola uztartzen ditut bi alde horiek? Horrek guztiak beste galdera kritiko batera eramaten nau: eskuartean dudan helburua niretzat ala besteentzat egiten ari naiz? Profesionala naizenez, egiten dudana publikoak ikusi behar du. Niretzat garrantzitsua da hori. Halaber, arrazoi horrek ez du pisurik hautatzen dudan xedean. Inoiz ez dut arrakasta azkar bat bilatu hedabideetan azaltzeko. Eta horrekin harro nago! Horregatik, Eskozian eskalatu ditudan “Anubis” eta “The Hurting” bideak niretzat garrantzitsuenak dira. Lehen bisitan egin nituen ekinaldietan ez nuen arrakastarik izan. Bai, ordea, bigarrenean.

«Bakarka integraleko eskalada batzuetan, bidearen amaiera, aldez aurretik, soka utzi dut. Jakina, jaitsieran erabiltzeko. Erabaki horrekin ez nago harro, baina soka horrek ez zuen eraginik izan eskaladaren emaitzan.

«Eiger-eko igoeran, adibidez, 50 metroko soka bat, arnesa eta tresneria pixka bat eraman nituen. Garai haietan argi nuen soilik era horretara egin nezakeela eskalada hori. Bakarka bai, baina ez bakarka integralean.

«Alpeetako iparraldeko horma klasiko handienak igo ditut. Bakarka eta azkar. Zergatik aukeratu nituen ohiko bideak? Bada, haietan historiako lerro inportanteenak idatzi zirelako. Horma horiek bide bat baino gehiago dituzte, baina lehen igotzaileen urratsak jarraitu nahi izan ditut.

«Pareta bat azkar igo nahi dudanean, helburu horrek gogorra eta tentea izan behar du. Horrekin batera beste gai batzuk argitu nahi ditut. Salbiteko mendebaldeko ertza eskalatu dudanean, adibidez, hainbat rappel egin behar dira. Hauek egiteko uztaiak daude. Horien ordez mosketoi bat balego, rappel horiek egiten askoz ere denbora gehiago aurreztuko nukeen. Bestetik, bide bateko mugimendu gogorrenetan magnesioarekin egiten diren marken gaia aipatu nahi nuke. Ez da arazo bat. Baina nik, bederen, ez nituzke asko jarriko. Oso desatsegina da hainbeste marka ikustea!

«Bestalde, iparraldeko horma luze batean bide egokiena bilatzea batzuetan ez da erraza. Maiz erronka bat prestatzeko bide hori behin baino gehiagotan eskalatzen da. Horrela, eraginkorra eta azkarra izaten zara. Baina alpinista onek ez dute hainbeste igoera behar arrakasta izateko. Nik iparraldeko murru horietan igoera gutxi egin ditut.

«Hausnarketa honekin amaitzeko, uste dut zuzentasuna eta gardentasuna giltzak direla. Profesionala bazara eta zeure izena alpinismoko izen handien ondoan jarri nahi baduzu, gardena izan behar duzu. Justizia egitea da. Geure zaletasunak asko ematen digu. Erronkak bilatzen ditugu. Nahi duguna egiteko aukera eta askatasuna ditugu. Baina era berean geure ardurak (eta eskaladaren ondorioak) asumitu behar ditugu. Arretaz jardun zaitezte; mendietan arrisku asko daude. Ondo prestatu eta saia zaitez gozatzen. Arrakasta lortu eta alpinismoan profesionala izan nahi baduzu, zintzoa eta gardena izan zaitez. Horrek publikoari aukera ematen dio egiten duguna baloratzeko».