GARA Euskal Herriko egunkaria
ZORROZTARRIA

Erantzunez Eraiki


Bada bai, hauteskundeak etorri eta joan egin dira, hemen-han kolore ezberdineko emaitzak utzita; une zehatzeko erradiografia edo. Ala erresonantzia? Erradiografiak hezurren kontrasteak erakusten ei ditu, baina giharra ez, mamia erakusteko erresonantzia behar. Eta emaitzak emaitza nork bere interpretazioa… eta antzezpena. Poeta andaluziarrak idatzi legez, «gaixo egotea baino okerragoa da sendagile txarra izatea». Bada hori, auskalo zer gertatuko han: matematika beharrezkoa da, baina ez nahikoa, soziologia behar. Litekeena da hauteskundeak errepikatzea; gauzak horrela, hauteslekuak gune tentsionatu izendatu beharko lituzkete, legez.

Total, kanpainan EAJk nire etxeko postontzian utzitako boligrafo triste batez notak hartzen ibili naiz aste honetan, bigarren erabilerako paper zati batean. Portzierto, ez dakit boligrafoa birziklagarria izan den, ez eta birziklatua izan den ere, programak ez zuen zehaztu. Hain da zirkularra batzuen buru eskema! Beti estatutura bueltatzen dira! Eta, jakina, irteera operazioa sentitzen hasi dira , boto askok irten egitea erabakita! Baina eskemak zirkularra baino kiribila beharko luke izan, aurrera-atzera-aurrera, bai, baina norabide argian baldintzak sortzen. Bertsolarien Atzekoz Aurrera gogoan!

Entzunez Eraiki kanpaina abiatu zuten jelkideek aspaldi ez dela, hauteskundeen zikloa abiatu aurretik. Tira, entzun agian, baina erantzun? Ez ninduke harrituko Eusko Alderdi Jaurlaritzak lan-eskaintza publikoa egitea Sabin Etxean, soziologia politikoan aditu arituen plazak hornitzeko. Hori edo Lourdes-Fatima! Bitartean beroa zabaltzen ari da Etxe horretatik kanpo ere. Atzean utzi dugu berotzea, eta orain globala dena irakitea da, noiz eta anpotrozenoan. Odolak su gabe badiraki, kontuak atera suarekin! Erantzunez eraiki!