GARA Euskal Herriko egunkaria
EDITORIALA

Milizia bolsonarozaleen krimen politikoa


Marielle Franco zuen grazia. Zinegotzi gaztea zen, afrobrasildarra, lesbiana, sozialismoaren aldekoa, Rio de Janeiroko favela handi, pobre eta biolentoenetariko batean jaioa eta hazia. Arrazismoak, sexismoak eta erlijioaren dogma tradizionalek markaturiko herrialdean bere ibilbide politikoa nabarmentzen hasi zen, bere kuraiak eta ekintzaletasunak inspiratzen zuten, bera bezalako emakume afrobrasildarrak ahalduntzen zituen. Eta, batez ere, favelak basakeria polizial eta parapolizialaren eskutik militarizatzen zituen politikekin oso kritikoa eta militantea zen. Horregatik guztiarengatik, agian, tirokatuta hil zuten. Nork? Zergatik? Urteetan erantzunik gabeko galderak izan dira.

Haren hilketak Brasil hunkitu zuen, azken hamarkadetan gertaturiko krimen politiko larriena izan baitzen. Tirokatu zutenean, inguruko bideozaintzako kamerak berariaz deskonektatuta zeuden, ikerketetan zebiltzan zenbait komisario eta fiskal alboratuak izan ziren, edo dimisioa aurkeztu zuten, beren lana oztopatua eta kaxoietan gordetzen zelako. Isiltasuna dekretuz ezarri zen. Kontuak, ordea, asko aldatu dira, bereziki Lula da Silva presidentetzara bueltatuz gero. Pitzatu egin da omerta kodea. Eta ikerketak beste abiadura bat hartu du, ageriko sekretua zena baieztatuz.

Polizia ohiak ziren bi sikariok Poliziaren indar berezietakoa zen pistola batekin hil zuten. Hala aitortu du sikario batek, ekintza ondo prestatua eta diruz hobe hornitua izan zela deklaratu du; ardura politikoa Jair Bolsonarok goratu, hauspotu eta bultzatu zituen milizietan dagoela. Drogen kontrako gerraren aitzakian, faveletara sartu eta bertakotzean beren legea eta negozioak armez inposatu zituzten heriotza eskuadroi gaurkotuetan. Ultraeskuinaren laguntza eta estalpea izan zuten milizia hauek, eta horrek immunitatea biderkatu zuen. Ez da ezagutzen agindua eman zuenaren izen-abizena, baina ez da urruti. Bolsonarismoaren burmuina eta eskua dago Marielle Francoren heriotzaren artean. Hiltzean, eskarmentua bilatzen zuten. Oker zebiltzan, oso oker. Bizitzaren alde borrokatzen direnak ezin dira hildako deitu. Haziak dira.