GARA Euskal Herriko egunkaria
SURF

Zeintzuk dira hasiberri batek surfean egiten dituen akats ohikoenak?

Idatziz azalpen teknikoak ematea ez da batere eraginkorra, baina akats nagusiak identifika daitezke, gero norberak egokien ikusten duen moduan zuzenketak egiteko. Surflari askok hastapenetan egin ohi dituzten zenbait akats deskribatuko ditugu.

Ohiko akatsa da, belaunak tolestu ordez, gerrian tolestea. (Haritz LARRAÑAGA)

 

Zaila da idatziz ariketa teknikoak azaltzea, baina begirada non kokatu behar den eta akats nagusiak zein diren nabarmen daiteke. Hori da atal honetako aholkuen helburua, ahulguneak identifikatzea. Hona hemen, laburbilduta, hiru arazo nagusiak.

Lehen arazoa olatua hartzeko orduan sortzen da; horra lehenengo eginbeharra, egoki arraun egitea. Bigarrena, olatuaren arabera norabide batean edo bestean kokatzea. Eta hirugarrena, noiz arraun egiten hasi asmatzea.

Zutitzeko unean, ostera, arazo nagusia flexio bat egiteko gutxieneko indarra ez izatea da. Horren ondoren, eskuak taulan leku egokian jarri behar dira. Eta, azkenik, zutitzea egiteko urratsak errespetatu behar dira, hau da, lehenik atzean doan oina jarri, eta gero aurrekoa. Behin zutik gaudela, bi akats nagusi nabarmentzen dira: oinen kokapena eta postura orokorra; alegia, belaun, gerri eta lepo aldea kokatzeko modua.

Hiru arazo tekniko hauez gain, bada beste bat: surfa ulertzeko modua. Mito eta tontakeria gehiegi dago kirol honen inguruan, eta, horregatik, irakurleak ziur aski garrantzi gehiago emango dio taula gainean zutik nola joan behar den azaltzeko emango ditudan azalpenei, aurrez azalduko ditudan beste bi azalpenei baino. Horrela baldin bada, jakin dezala irakurleak kirol honetan ez duela etorkizunik.

OLATUA HARTU

Surf eskoletatik ateratzen diren hasiberri askok izaten duten lehen arazoa olatuak edo aparrak egoki hartzeko gai ez izatea da; izan ere, surf ikastaroek iraun duten artean etengabe olatura bultzatzen zion monitore bat izan dute. Arazo larria da, zeren surf egin ahal izateko ezinbestekoa da edozein unetan edozein motatako olatuak hartzeko gai izatea. Atal honetan behin eta berriz errepikatzen dugun moduan, arazo baten aurrean itsasotik azkar ateratzeko gai den surflariak bakarrik ikasi ahal izango du egoki surf egiten.

Edozein surflarik izan behar luke apar bat hartzeko gai; oinarrizkoa da, soilik egoki arraun egitea eskatzen duen ekintza baita. Taula aparrak dakarren norabideari elkarzut jartzea da kontuan hartu behar den gauza bakarra, apar guztiak ez baitira zuzenean hondartzarako norabidean etortzen.

Oraindik lehertu ez den olatu batean zailena noiz arraun egiten hasi asmatzea da, zeren, azkarregi arraun egiten hasten bagara, posible baita gehiegi aurreratzea eta olatuak gainean antzematea, eta alderantziz, berandu arraun egiten hasiz gero, olatua lehertuko den unetik urrunegi gera gaitezke eta ondorioz ez dugu olatua hartuko. Esperientzia handiko surflariek ere ez dute beti asmatzen arraun egiten hasteko une egokia hautatzen.Bada beste puntu oso garrantzitsu bat, surflariak beti landu eta etengabe ikasiko duena; hots, olatuaren irakurketa. Lehertu gabe datorren uhina nola lehertuko den asmatu behar du surflariak, eta hori oso zaila da, baina ezinbestean ikasi beharreko zerbait da, uhinak hartzen duen formaren arabera zein norabidetan lehertuko den asmatu behar da, eta horren arabera surflariak norabide batean edo bestean arraun egin beharko du.

ZUTITZEA

Zutik jartzeko eman beharreko pausoak lehorrean ikas daitezke. Beste edozein kiroletan egin ohi diren beroketak egitea baino askoz ere eraginkorragoa da, itsasoratu aitzin, surfeko mugimenduak egoki antzeztea. Adibidez, zutitzea burutzeko pausoak errepikatzea lagungarria da.

Lehenbiziko helburua taularen aurrealdea ur azpian ez sartzea da. Horretarako, bular aldean eskuak ongi kokatuta, flexioa egin behar du surflariak, taularen aurrealdea altxatu dadin, baina gorputza gehiegi altxatu gabe, zeren bestela atzealdeak balazta egingo baitu, eta surflariak olatua galduko du.

Lehertu gabeko olatuan alde batera jo behar du surflariak, ez du zuzen jaitsi behar. Taularen ertzak olatuaren magalean iltzatu eta diagonalean hobeto jaitsiko du olatua. Kanpotik begiratuta, badirudi surflariek olatua zuzen jaisten dutela, baina apur bat alboratuta joaten dira.

Zutitzeko urratsak zeintzuk diren hemen azaltzea ez da praktikoa, baina badira pare bat gauza kontuan hartu behar direnak. Lehena, belaunak taularen gainean jartzen dituenak ez duela inoiz egoki zutik jartzen ikasiko; eta bestea, oinen kokapena. Oinek taularen zutoinarekin elkarzut joan behar dute. Adibidez, aurreko oina taularen aurrealdeari begira eramaten duenak ezin izango dio orekari eutsi.

OINARRIZKO POSTURA

Zutik gaudelarik, oinarrizko postura lantzea da garrantzitsuena. Oinarrizko postura zein den jakitea erraza da: surf aldizkari bat hartu eta aurpegiz tubo bat egiten ari den surflariaren postura begiratu, hori da oinarrizko postura. Ispiluaren aurrean antzeztu dezakegu; posturan jarriko gara begiak itxita, eta begiak irekitzen ditugunean nola gauden ikusiko dugu, orduan oinarrizko posturan egoteko zuzenketak egingo ditugu, eta, berriz begiak itxita, ariketa bera egingo dugu, gure buruak eta gorputzak postura egokia ongi barneratu arte.

Puntu honetan bi dira akats nagusiak. Bata, gorputza gehiegi luzatzea. Belaunak eta gerria tolestu gabe taula ez dugu behar bezala zapaltzen, eta edozein mugimenduren aurrean salduta gaude. Gainera, akats hau egiten dutenek oinak elkartuegi jartzen dituzte. Oinek ongi bereizita egon behar dute, belaunak baitira elkartu behar direnak.

Beste akatsa da gerria makurtzea. Alegia, belaunak ez ditugu tolestu eta, aldiz, gerria bai; horrela, burua ipurdia baino beherago geratzen da, eta gainera gorputza taularen inflexio puntutik ateratzen da. Akats hau oso ohikoa da. Egokiena da ipurdia belaunen parean (edo beherago) kokatzea; eta, horrela, gerria belaunen arabera makurtuko da, eta ez alderantziz.

Azkenik surflarien begirada aipatu behar da, sorbalden kokapena baldintzatuko duena. Begiratzen dugun lekura zuzenduko ditugu sorbaldak, besoak, gerria, belaunak eta, azkenik, orkatilak, eta taula norabide berean joango da.