2023 ABU. 03 KOLABORAZIOA Oreka linguistikoaz Aimar ARRESE-IGOR ETXEBURUA Euskaltzalea Beste behin, Estatu espainoleko botereek, kasu honetan epaitegi batek, euskaldunon jokabide linguistikoek nolakoak izan behar duten derrigorrez inposatu digute. Oreka linguistikoaz hitz egiten digute. Euskaldun dentsitate handiko udalerrietan, komunikazio prozesu zehatz bat udal barneko funtzionamenduan ematen bada, eta komunikazio prozesu horretan parte hartzen duten pertsona denek euskaraz badakite edo ulertzen badute, ezin dute komunikazio prozesu hori euskara hutsez egin (epaiaren arabera ez omen da legezkoa). Kurioski, Euskal Herrian kokatutako Estatuko administrazioan (adibidez, nortasun agiria eta pasaportea egiteko bulegoetan) lan egiten dutenek gaztelania hutsez jarduten dute haien artean. Euskaldun dentsitate handiko udalerri batean bizi diren erdaldun elebakarrei erdaraz hitz egiten diete udaletxeko langileek, baita hainbat txosten gazteleraz eman ere, edo beharrezkoak izan daitezkeen era guztietako paperak, betiere txostenean zein bestelako paperetan dauden edukiak zerikusia badute bizilagun erdaldun elebakarrarekin. Joan zaitez, irakurle, Estatuko administrazioko nortasun agiria eta pasaportea egiten duten bulegoren batera soilik euskaraz hitz egiten! Ohartuko zara zein oreka linguistikoa dagoen! Gora oreka linguistikoa! Aipatu behar dut, nire adina dela-eta, askotan joan naizela nortasun agiria edo pasaportea berritzera. Beti lehenengo hitza euskaraz esaten dut, eta hango funtzionarioek, nire euskarazko mezua entzun bezain laster, jartzen duten aurpegiak aditzera ematen du «zein da tipo hau ausartzen dena inperio espainolarena ez den hizkuntza batean niri hitz egiten?». Bueno, egia da ere, azken 46 urteotan behin bakarrik euskaraz hitz egiten hasi aipatutako bulegoetan eta, aurrean zegoen funtzionarioak nik esandakoa ulertzen ez zuenez, gaztelaniaz esan zidan euskaraz hitz egin nahi banuen itxaron behar nuela, euskaraz zekien funtzionario bat iritsi arte. Gaztelaniaz erantzun behar izan nion baietz, itxarongo nuela. 25 minutu inguru itxaron behar izan nuen, euskaraz zerbait adierazteko gaitasun pixka bat zuen funtzionario bat iritsi arte. Hala, euskaraz gestio txikia egin ahal izan nuen. Bitartean, nire atzetik jende lerroan zeuden pertsona askok berehalaxe egin zituzten beraien gestioak, nik baino lehenago, hizkuntza dela-eta itxaronaldirik gabe. Noski, nire atzetik zeuden denak gaztelaniaz aritu ziren. Kurioski, Madrilgo epaile batzuek, hemengo errealitate linguistikoaz gutxi dakitenek (edo agian asko dakitenek, jokatu duten bezala nahita jokatzeko) euskaldunak beraien menpe loturik nahi gaituzte. Kurioski, hizkuntza koofizialak dituzten komunitate autonomoetan lan egiteko epaileak ez daude behartuta gaztelania ez den beste hizkuntza jakiteko. Beraz, «bi hizkuntza ofizialak hitz egiten ez dituen epaile horrek bere komunikazioak ez ditu gaztelania hutsez burutzen». Baita zera ere! Espainia deitzen dioten horretan bizi garen pertsonak legez behartuta gaude gaztelania jakitera. Gero aipatuko digute euskara inposatuta dagoela! Bada garaia, esaten badigute euskara inposatuta dagoela, muturren aurrean guk haiei adierazteko legez inposatuta dagoen hizkuntza bakarra Hego Euskal Herrian gaztelania dela. Madrilgo epaile batzuek diote euskaldun dentsitate handiko herri bateko erdaldun elebakar batek (bertako udaletxera zuzentzen denean, arreta osoa erdaraz jasotzen duen pertsona horrek, gaztelaniaz atenditzen zaion pertsona horrek, alegia) berarekin zerikusia duten txostenak zein paperak gaztelaniaz idazteko eskatzea zama bat dela berarentzat. Gaztelaniaz hitz eginez, aipatutako udaletxean zama bada behar dituen agiriak gaztelaniaz jartzeko eskatzea, zer ez ote da Euskal Herrian biziz euskaldunok egunero euskaraz bizitzeko egiten dugun ahalegina, jakinda gure asmoa eta eskubidea betetzeko aurkitzen ditugun oztopoak ikaragarriak direla? Garbi dago zama kontzeptuak bere baitan eduki zenbakarria edo neurgarria duela. Noski, epaileek aipatutako «balizko zama hori» izugarri arinagoa da euskaldunok egunero jasotzen dugun zamaren aldean. Horra hor desoreka, hizkuntza desoreka. Azkenik, Euskal Herrian lan egiten duten epaile horiei, euskaraz ez dakiten horiei, euskaldunok zein euskararen aldeko erdaldunek ere ordaintzen diegu beren soldataren zati handi bat gure zergen bidez. Izan ere, kontzertu ekonomikoa dela-eta, euskal erakundeek gobernu zentralari kupoaren bidez diru bat ematen diote; diru horren zati bat arestian aipatutako epaileen soldatak ordaintzeko ere bada. Horrenbestez, euskara hizkuntzarentzat eska dezagun benetako justizia. Espainia deitzen dioten horretan bizi garen pertsonak legez behartuta gaude gaztelania jakitera. Gero aipatuko digute euskara inposatuta dagoela!