GARA Euskal Herriko egunkaria
SURF

Nadia Erostarbe eta Ariane Ochoa bosgarren, Huntingtongo CS lehiaketan

Nadia Erostarbe zarauztarrak eta Ariane Ochoa bilbotarrak final laurdenetara iristea lortu zuten Kalifornian egin zen Challenger Series itzuliko bosgarren txapelketan. Bi euskal ordezkariek gora egin dute rankingean, baina Pauline Adok behera egin du.

Ariane Ochoa, bizkarkako bira indartsu bat egiten, Huntingtonen. (WORLDSURFLEAGUE.COM)

 

Ariane Ochoa bilbotarra eta Nadia Erostarbe zarauztarra final laurdenetara iritsi ziren Huntingtonen egin zen Challenger Series itzuliko laugarren txapelketan, eta lortutako emaitza onari esker (bosgarren postua), rankingean gora egin dute. Pauline Ado hendaiarrak ez zuen zorte handirik izan olatu aukeraketan, eta lehen txandan kaleratu zuten.

Aurtengo denboraldia hasi denetik CS itzuliko laugarren txapelketa zen Huntingtongoa, baina Erostarberentzat bigarrena izan zen, Australian egin ziren lehen bi txapelketetan ez baitzuen parte hartu. Hala ere, emaitza bikaina eskuratu zuen Hegoafrikan; lehen aldiz CS mailako txapelketa batean final laurdenetara iristea lortu zuen, eta, hori gutxi balitz, joan den asteburuan ere emaitza bera eskuratu zuen Kalifornian.

Ariane Ochoa bilbotarra ere bikain aritu zen; metro bateko olatuetan ariketak indartsu egin zituen, eta CS mailako txapelketa batean lortu duen emaitza onena eskuratu zuen Huntingtonen, final laurdenetara iristearekin. Horrela, bi euskal ordezkariak bosgarren tokian geratu ziren, eta ranking orokorrean gora egitea lortu dute. Pauline Ado hendaiarra, aldiz, lehen txandan kaleratu zuten, eta ranking orokorrean behera egin du.

Lerro hauek idazteko orduan oraindik ez zen amaitu Huntingtongo txapelketa; CS mailako txapelketaz gain longboardeko munduko txapelketa ere egin baitzuten. Gainera, kontuan hartu behar da ordu desberdintasuna ere (Euskal Herriarekiko 9 orduko aldea). Horrenbestez, CS rankinga zehazki nola geratu den ezin dezakegu esan, baina kontu ziurra da Ochoak eta Erostarbek gora egin dutela.

Huntingtongo txapelketa aitzin 25. postuan zen Ochoa; 28. postuan, Erostarbe; eta Ado, 31. postuan.

Orain Ochoak 10.145 puntu ditu lau emaitzekin, eta Erostarbek bi txapelketetako emaitzekin bakarrik jada 9.490 puntu ditu; beraz, gora egin dute ranking orokorrean. Kontuan hartu behar da CS itzulia osatzen duten sei txapelketetako lau emaitza hoberenak hartzen direla kontuan; horregatik, beste bi aukera dituzte Ochoak, Erostarbek eta Adok rankingean gora egiteko.

Hurrengo bi txapelketak urrian izango dira: bata Portugalen eta bestea Brasilen. Riveira d’Ilhaseko eskuin olatu bikaina oso ongi ezagutzen dute euskal ordezkariek, baina olatu egokiak eskaintzen dituzten urautsietan ez da batere erraza emaitza on bat lortzea. Brasilgo Saquarema hondartzan, aldiz, edozer gerta daiteke, hondartza bat izanik, baldintzak oso aldakorrak baitira; ezusteko asko izaten dira halakoetan, txarrerako, zein onerako.

Ondorioz, euskal ordezkariek emaitza onak lortzeko aukerak badituzte, baina esan bezala, maila gorenean lehiatzen ari dira.

Mutilen kategorian euskal ordezkari bakarra Adur Amatriain da, baina zarauztar gaztea ez zen lehiatu Huntingtonen eta ezta Hegoafrikan egin zen aurreko txapelketan ere, Gainera, Australian ez zuen emaitza onik eskuratu; ondorioz lehen 50 postuetatik behera aurkitzen da. Soilik 19 urte dituen zarauztar gazteak bigarren urtea du CS mailan; hori jada ez da lorpen makala, baina badirudi datorren urterako prestatzen ari dela.

CHALLENGER SERIES

Lehen mailara (Championship Tour) igotzeko gainditu beharreko maila da Challenger Series kategoria. Ez da edonork parte har dezakeen maila, izan ere QS mailan (hirugarren mailan) oso emaitza onak lortu dituztenak bakarrik lehia daitezke CS mailan.

Duela hiru urte abiatu zen CS maila, eta lehen bi urteetan 96 mutilek eta 64 neskek parte har zezaketen. Baina aurten aldaketak izan dira, eta lehiakide kopurua jaitsi egin da; horregatik, euskal ordezkari kopurua ere jaitsi da, plaza bat eskuratzea zailagoa bilakatu delako. Hortaz, meritu handia dute CS mailan lehian ari diren surflariek.

Gauzak honela, gaur egun 80 mutil eta 48 neska lehiatzen dira CS mailan, eta kontuan hartu behar da horien artean direla lehen mailako CT itzuliaren erdian kanporatuak izan diren 12 mutil eta 7 neskak. Beraz, Challenger Seriesen itzelezko maila izateaz gain, sekulako lehia ere badago, lehen mailatik jaitsi nahi ez dutenak eta lehen mailara igo nahi dutenak ari baitira.

Guztira sei txapelketek osatzen dute nesken zein mutilen CS itzulia, eta lehiakide bakoitzaren lau emaitza hoberenen batura egiten da amaieran. Horren ondoren erabakitzen da lehen mailara igotzea nork lortu duen.

Mutilen kasuan rankingeko lehen hamar lehiakideak igotzen dira CT mailara, eta nesken kategorian, ostera, bost aurrenak dira lehen mailara igotzen direnak.

Aitzitik, kontuan hartu behar da batzuetan rankingeko lehen postuetan jada lehen mailan diren surflariak izaten direla, badaezpada ere mailaz jaisteko arriskuaren aurrean CS mailan ere lehiatzen baitira; horregatik, ez da zehatza esatea lehen bost edo hamar postuetako lehiakideak direla CT mailara igotzen direnak.