GARA Euskal Herriko egunkaria
EDITORIALA

Popo non den jakiteko eta ardurak zehazteko tenorea


Berrogei urte beteko dira gaur, Jean-Louis Larre desagertu zutenetik. Nolabait esatearren, jendea ez delako desagertzen, jendea desagerrarazi egiten dute. Lau hamarkada luze pasatu dira Iparretarrak (IK) erakundeko kidearen aztarna Landetako baso batean galdu zela, eta oraindik haren senideek, gertukoek, burkide ohiek eta, oro har, euskal gizarteak, ez dakite “Popo” non den. Hainbeste denbora igaro ondoren, oraindik horrela egoteak haren patua erabaki zutenen krudeltasuna erakusten du, erraz zutelako haren gorpua aurkitzeko zantzuren bat ematea, eta, beste alde batetik, argi adierazten du euskal militanteen aurka aritu direnen zigorgabetasuna, edozer eginda ere.

1983ko abuztuaren 7ko gertakariek marrazten duten testuingurua oso iradokitzailea da, eta Poporekin gertatu zenari buruz susmoak baino zerbait gehiago izateko balio dezake. IKren kontrako polizia operazio zabala izan zen egun horretan, eta atxiloketa mordoa gertatu zen Ipar Euskal Herrian. Heletako gaztearen taldeak ere bide berdina jarraitzeko arriskua zuen, eta, hura ekiditearren, ezkutalekutzat zuten Leon herriko kanpina azkar uztea erabaki zuten. Ez zen nahiko azkar izan, ordea, eta lekuan bertan jendarmeen patruila batekin topo egin zuten. Hortik aurrerakoa ezaguna da -bi aldeen arteko tiro trukea, hildako hedexuria...-, baina jazotakoaren kontakizunean zulo beltz erraldoia dago: zer gertatu zen ordurako ihes egin zuen Popo Larrerekin? Nork atzeman zuen? Eta zer egin zuten berarekin? Berrogei urte dira herri honek galdera horiek plazaratu zituela, eta ez du erantzunik jaso.

Edonola, frogarik ez izanagatik ere, euskal gizarteak zalantza gutxi du Heletako gaztearen desagerpenaren erantzukizunaz, jakin badakielako herri hau, Hego eta Ipar, zapaltzen duten estatuak noraino irits daitezkeen, berdin Euskal Herrian edo Aljerian, Katalunian edo Korsikan. Baina hori jakitea ez da nahikoa, anaiari, lagunari, kideari azken agurra bertatik bertara emateko horrenbeste denbora itxaron duenarentzat. Bada garaia udako egun horretan zer gertatu zen jakiteko, Popo desagerrarazi zutenek, edo haien buruzagiek, non dagoen esan eta beraien ardura onartzeko. Oso berandu doaz.