GARA Euskal Herriko egunkaria
JOPUNTUA

Begiratu mapa


Richard Holbrooke zenaren ahotan ipini ohi dute burutazioa. Beharbada asmakeria izango da, baina ez nintzateke batere harrituko egia izatea ere. Jugoslaviako gatazken konpontzaile lanetan -esate bat da- zebilen garaikoa omen: «Hango goi arduradunen baten bulegoan sartzen naizenean, hormetan daukan dekorazioari bakarrik kasu egiten diot. Margolanak eta horrelakoak badauzka, badakit denbora galtzen ari naizela, eta lehenbailehen egiten ditut harekikoak. Mapak zintzilik badauzka, ordea, erne jartzen naiz, halakoak izaten baitira arriskugarriak».

90eko hamarkadaren erdialdera izango zen hori, eta oraindik paperezko mapen garaian -azkenetan- genbiltzan, ingurumari hauetan behintzat. Orain, edozeinek daramagu patrikan edo daukagu mahai gaineko ordenagailuan nahi ahalako mapa eskaintza, eta Holbrookeren aburuak ez luke bere horretan funtzionatuko. Baina haren oinarrian zetzan ideia -nazioarteko gorabehera politikoak, batik bat gerrak eta halakoen ingurukoak, ulertu nahi dituenak beti mapak eduki behar dituela begien aurrean- orduan bezain zuhurra da.

Edo are zuhurragoa, fake news, postegia, gerra kognitibo eta antzekoen aro honetan. Egitate kartografikoak, bere lehorrean, izan daitezkeelako helduleku fidagarrienetako bakanak informazio kutsatuen behe lainoaren erdian.

Lagungarri baino gehiago, Diogenesen kriseilu bihurtzen da mapa, Nigerkoa bezalako krisiak ulertu behar direnean. Sahel osoa sutu dezakeen gerra bilakatzeko ekaiak dituen kinka hori ulertzeko erabili litezke Holbrookek mespretxatzen zituen margolanen parekide intelektualak (presidente hautetsi bat kendu du estatu kolpe batek; hura agintera itzularazteko kanpoko esku-hartzea gizalegezkoa litzateke moralki…). Edo begiratu liteke edozein gailuk eskainiko dizun mapa: non geratzen diren Arlit eta Akouta, eta non Niamei; non dauden Mali eta Burkina Faso; non Nigeria eta Benin; non Txad eta Libia; non Aljeria; non Sudan…

Eta hortik aurrera, kontuak ateratzen hasi.