GARA Euskal Herriko egunkaria

Lahaina


Suak hartu du Lahaina, garai batean Hawaiiko erresumaren hiriburu izandakoa. Mendetan, zehazki V. mendetik, polinesiarrek uharteetara lehen aldiz eraman zutenetik, azukre-kanabera (Ko) modu naturalean hazi zen bertan, inolako kudeaketarik gabe. Eredu horren amaiera etorri zen XIX. mendean, enpresari estatubatuarrek Hawaiiko baliabide naturalen gaineko kontrola eskuratzeko asmoa agertu zutenean. Lahainako lehen azukre-kanaberaren plantazio komertziala orduantxe zabaldu zuten: Pioneer Mill konpainia, 1860an.

Lan-esku handia behar zen plantazioetan, eta goizetik gauera indigenek haientzat lan egitera behartuta sentitzen zituzten beren buruak. Hawaiiarrak, ordea, beren agintarientzat lan egiten ohituta zeuden, eta aldi baterako bakarrik, auhau hana (lan zerga) moduan. Plantazio sistemaren lan-baldintza gogorretara egokitzeko zailtasunak izan zituzten.

Cook kapitainaren garaian, uharteetako populazioa hirurehun mila biztanle ingurukoa zen; XIX. menderako kopuru hori laurden batera murriztu zen. Indigenen faltan, plantazio jabeak Asia ekialdetik laborariak ekartzen hasi ziren. Haien artean zen Maxine Hong Kingstonen birraitona, Bak Goong; “China Men” (1980) liburuan jasotako istorioetako baten protagonista. 1893an, hamahiru estatubatuarrek osaturiko Segurtasun Komiteak Lili‘uokalani erreginaren kontrako estatu-kolpeari jarraitu zioten, eta hawaiiarrek erabakitzeko ahalmena galdu zuten. Gaur egun, Lahaina turismo helmuga da hainbat estatubatuarrentzat eta iparralde globaleko herritarrentzat.