GARA Euskal Herriko egunkaria

Emakumeei eskubideak itzultzeko eskatu diete Nazio Batuek talibanei

Bi urte bete dira talibanek Afganistan hartu zutenetik, eta gaitzespen mezu ugari zabaldu da, tartean NBErena eta Save the Childrenena. Salatu dutenez, emakume eta neskei «duintasuna eta eskubideak» kendu dizkiete. Hiru haurretatik bat lan egitera behartuta dago.

Emakume afganiarren protesta bat, Islamabad hirian. (Aamir QURESHI | AFP)

Nazio Batuen Erakundeak emakume eta neskato afganiarrei «duintasuna eta eskubideak» bueltatzeko exijitu zien atzo talibanei. Bi urte pasatu dira boterea eskuratu zutenetik, eta denbora horretan «eskubideak lapurtu besterik ez dute egin, astez aste», erakundeak kritikatu zuenez. Horregatik, «gizon, emakume eta haur bakoitzak dituen eskubideak eta duintasuna itzultzeko» eskatu zien agintariei.

Farhan Haq NBEko idazkari ondokoak azaldu zuenez, emakume eta neska afganiarrak dagozkien eskubideetatik gero eta urrunago daude. Horren ondorioz, «behar lukeen garapenetik aldentzen ari da herrialdea bera».

Egoera tamalgarri horretan, Nazio Batuek nazioarteko komunitateari dei egin zioten, indarrak batu eta esku hartzeko. Zehazki, «eragina duten horiei, komunikatzeko bide zuzenak dituztenei» zuzendu zitzaien Haq; tresna horiek Afganistango emakume eta haurren alde erabil ditzaten.

NBE Emakumeak antolakundeko zuzendari exekutiboa da Sima Bahous. Talibanak emakumeak «erasotzen» ari direla salatu zuen. 50 legezko abisu baino gehiago ezarri dituzte biztanleriaren erdiaren aurka, eta «ez dute euren bizitzaren alderdi bakar bat ere utzi aztertu gabe, euren askatasun apur bat ere ez».

Gaineratu zuenez, talibanek emakumeen aurkako «errepresio masiboan oinarritutako sistema bat sortu dute, genero apartheid gisa har daitekeena».

Bahousek aurten bisitatu du Afganistan. «Erronkak handiak dira, baina emakume afganiarrek esan didate ez dutela inoiz etsiko eta errepresioaren kontrako borroka gidatzen segituko dutela. Egoera zailenetan ere ahotsa altxatzen dute abusuen kontra, oinarrizko zerbitzuak ematen dituzte eta enpresak kudeatzen segitzen dute», nabarmendu zuen. «Ausardia» horri eta «eredu» horri eman zion balioa.

HIRU HAURRETATIK BAT

Haurrak ere pairatzen ari dira talibanen errepresioa. Save the Children elkarteak salatu zuenez, haurren herena baino gehiago, %38,4, lan egitera behartua dago Afganistanen, handitzen ari den pobreziari eta goseari aurre egiteko.

Umeek arrisku egoerak bizi behar dituzte beren burua eta familiak mantentzeko. Adibidez, kamioi batek zapalduta hil zen neska bat, kontrabandoko salgaiak mugako bidegurutze batetik pasatzen ari zela.

Elkartearen inkestan parte hartu duten lau haurretatik hiruk erran dute orain, aurreko urtearekin alderatuta, gutxiago jaten dutela. 30 urtean izandako lehorterik okerrenak uztak, azienda eta ura galtzea eragin du. Egoera gordina da, pobrezia, klima aldaketa eta gosea batu baitzaizkie.

Save the Childrenek nazioarteko komunitateari eskatu zion «beste alde batera begiratzeari utzi eta kasu egiteko».