GARA Euskal Herriko egunkaria
BIGARREN MAILA

Kontagailua zeroan, eta debut eskasari buelta emateko gogoa

Ipuruak ateak zabalduko ditu denboraldian lehen aldiz. Eibar eta Elxek neurtuko dituzte indarrak, biek ligako lehen partida galdu ostean.

Cristian hamaikakoan sar daiteke. (SD EIBAR)

Bada astebete Liga hasi zela, baina Ipuruak zeroan jarraitzen duten bi taldeen arteko lehia hartuko du gaur (17.00). Sekulako jipoia hartu zuen Eibarrek Santanderren; ondorioz, sailkapenaren azken postuan eman du aste osoa. Elxen debuta ez zen askoz hobea izan, markagailua estuagoa izan bazen ere, Racing de Ferrol igo berriaren aurka galdu baitzuen etxean. Ondorio handirik gabeko estropezua kasu bietan, batez ere sasoiaren une honetan; baina igoera helburu duten taldeentzat porrotak beti dira mingarriagoak. Eta horixe da hirugarren saiakeran igoera xede duen Eibarren eta Lehen Mailatik jaitsi berria den Elxen kasua.

Kontagailua zeroan eta taldea «gogotsu» dagoela ekingo diote armaginek neurketari, Joseba Etxeberriaren esanetan. Amorratuta agian, kolpea gogorra izan baitzen. «Galtzeak beti egiten du mina, are gehiago horrela galtzeak. Horrelako kolpe baten ondoren, erreakzioa ikusi behar da, eta nik oso gogotsu ikusi dut taldea astean zehar, Santanderren gertatutakoari buelta emateko gogo handiekin», esan zuen entrenatzaile gorri-urdinak. Horregatik, gaurko partidak bere taldeari «motibazio bikoitza» eskaintzen diola uste du. Alde batetik, nahitaezko erreakzio hori ikusteko aukera ematen diolako eta, bestetik, «gure jendearen aurrean jokatuko dugun lehena» izango delako.

Zaleak etortzea espero du, abuztua izan arren, eta «taldea bultzatuko» dutela ziurtzat jo zuen. Baina taldeak harreman horri lehen keinua egin behar diola uste du, «zelaitik energia transmitituz. Ipuruan denboraldi honetan izango garena ikusi behar da». Hau da, talde «intentsoa, azkarra, erabakitasunez jokatzen duena eta, ahal bada, eraginkortasunarekin. Hori da izan nahi duguna eta, beraz, Sardineron eskaini genuen iruditik dezente aldendu behar gara», onartu zuen. «Etxean oso talde sendoa izan behar gara, intentsitatea ezin zaigu falta inola ere, ahal dugun erritmo biziena ezarri behar dugu eta garaipenetik gertuago egoteko ondo jokatzea garrantzitsua dela, baina garrantzitsuena irabaztea dela jakin behar dugu», gaineratu zuen elgoibartarrak.

Irudia aldatzeko, gipuzkoarrak ez du argitu taldearen beraren osaketa aldatuko ote duen. Zalantza handiena ezker hegalari dagokio, Arbillak joan den astean partida eskasa egin ondoren, bigarren zatian zelairatu zen Cristianek har baitezake bere lekua. Aurrean, bestetik, denboraldiaurrean min hartu ostean Sardineron jokatu ez zuen Bautista sar daiteke hamaikakoan, Quiqueren ordez. Eta baliteke astearteko lagunartekoan golegile izan zen Arana ere hasieratik aritzea.

Harmailatik jarraitu beharko du partida Konrad de la Fuentek, Soriako partidan lesionatu ostean. Stoichkov eta Corpasek ere min hartuta jarraitzen dute.