GARA Euskal Herriko egunkaria
SURFA

Caroline Marks eta Jack Robinson nagusi Tahitin egin zen WSLko azken proban

Tahitiko lehiaketaren ondoren, lehen mailako zirkuitua amaitu da. Irailean Kalifornian egingo den Final Handirako surflariak izendatu dira: bost mutil eta bost neska. Mutilen rankingean ezustekoak izan dira, baina neskenean ez da aldaketarik izan.

Jack Robinson, finaleko olatu batean tuboa egiten. (WORLDSURFLEAGUE.COM)

Olatuek ez zuten lagundu WSLko azken proban, baina lehia bizia izan zen, batez ere mutilen kategorian; izan ere, irailean Trestlesen (Kalifornia) egingo den Final Handian parte hartu ahal izango duten lehiakideen izendapena zegoen jokoan, eta finala erabakigarria izan zen. Nesken kategorian, ostera, txapelketak aurrera egin ahala, rankingeko lehen bost postuetan ziren lehiakideek haien postuei eutsiko zietela gero eta nabarmenagoa zen, eta, ondorioz, ikusmina apalagoa izan zen. Hala ere, orokorrean neskek ikuskizun hobea eskaini zuten, orain artean ikusi gabeko trebetasuna erakutsi baitzuten Tehaupooko olatuan.

Nesken rankingean ez da batere aldaketarik eman CT itzuliko azken txapelketaren ostean. Rankingeko lehen bost postuetan ziren lehiakide berberek jarraitzen dute haien postuetan eta, honenbestez, horiek izango dira Final Handian lehiatuko diren surflariak. Hurrenkera honetan geratu da nesken rankinga: lehena Carissa Moore hawaiiarra, bigarrena Tyler Wright australiarra, hirugarrena Caroline Marks estatubatuarra, laugarrena Molly Picklum australiarra eta bosgarrena Caitlin Simmers estatubatuarra. Aitzitik, mutilen kategorian azken unera arte iraun zuen ikusminak, Tahitin finalera iritsi ziren bi lehiakideen artean baitzegoen rankingeko bosgarren postua. Gabriel Medinak irabazi balu, Final Handirako pasea eskuratuko zukeen, baina, ozta-ozta bada ere, Jack Robinson nagusitu zen. Final Handirako pasea eskuratzeko zorian izan ziren beste bi lehiakideak Yago Dora brasildarra eta John John Florence hawaiiarra izan ziren.

Azkenean honako hauek dira Final Handian izango diren mutilen rankingeko bost lehiakideak. Filipe Toledo brasildarra, Grifin Colapinto estatubatuarra (postu bat igo zen azken txapelketaren ondoren), Ethan Ewing australiarra (hirugarren postura jaitsi zen), Joao Chianca brasildarra eta Jack Robinson australiarra (hiru postu igo zen, Tahitin lortutako garaipenari esker).

Kontuak honela, jada izendatu dira Final Handian izango diren lehiakideak, eta horiek soilik izango dute 2023ko WSL titulu mundiala eskuratzeko aukera. Lehenengo bost postuetatik at geratu diren lehiakideak, ostera, hurrengo urtean lehen mailan lehiatu ahal izango dira. Hau da, lehen 11 postuetako bat eskuratu duten lehiakideak nesken mailan eta lehen 23 postuetako bat eskuratu duten lehiakideak mutilen mailan.

TUBO GUTXI TEAHUPOON
BI METROKO OLATUAK IZAN ZIREN TAHITIN EGIN ZEN WSL ITZULIKO AZKEN TXAPELKETAK IRAUN ZUEN ARTEAN, BAINA TEAHUPOOKO EZKER OLATU FAMATUARENTZAT EZ DA ASKI. HIRU EDO LAU METROKO OLATUAK DIRENEAN IZATEN DIRA OLATU HOBERENAK POLINESIAKO URAUTSI FAMATUENEAN, ETA HALAKOETAN, GAINERA, LEHEN MAILAKO SURFLARIEK HAIEN EGIAZKO BALIOA ERAKUTSI BEHAR IZATEN DUTE, TEAHUPOO MUNDUKO OLATU ZAIL ETA ARRISKUTSUENETAKO BAT BAITA.

Itsasoak, ordea, ez du beti laguntzen. Eta, baldintzak eskasak direnean, munduko surflari hoberenek ere zailtasunak izaten dituzte tuboak egiteko, ez dagoen lekuan ez baitago zer eginik. Gainera, haizeak ere ez zuen lagundu, eta apur bat gehiago narrasten zituen olatuak. Hala ere, izan ziren tuboak egiteko aukerak, eta lehiakideek aukera guztiak baliatu zituzten; baina, lehen aldiz, tubo osteko sekzioan birak egiten hasi ziren puntu gehiago eskuratzeko itxaropenez, tuboarekin bakarrik aski ez zelakoan.

Aipagarria izan zen neskek erakutsi zuten maila ere. Ez da ohikoa izaten, baina baldintza hoberenak neskak itsasoratutako momentuetan izan zirenez, haize gutxiagorekin eta olatu handiagoekin, sekulako ikuskizuna eskaini zuten. Kontuan hartu behar da duela gutxi arte neskak ez zirela lehiatzen Teahupoon, olatu horrek duen zailtasun eta arrisku mailarengatik.

Teahupooko ezker olatuak tubo bat egiteko aukera eskaintzen du, baina horren ostean ez da ihesbide handirik eta oso azkar ixten da. Horregatik, orain arte, lehiakideak tuboa amaitu ostean olatutik irteten ziren, zeren olatua sakonera oso gutxiko uharri baten gainean lehertzen baita indar handiarekin, eta istripu oso larri bat izateko aukerak handiak dira. Azken txapelketan, ordea, lehiakideak tubotik irten eta ariketa azkar bat egiten saiatzen ziren, olatua itxi aitzin, ahalik eta puntu gehien eskuratzeko. Zentzu horretan, urrats bat egin dute aurtengoan surflariek, orain arte ez baitzuten hainbeste arriskatzen.

IKUSKIZUNA FINALETAN NESKEN ZEIN MUTILEN FINALAK ZINEZ IKUSGARRIAK IZAN ZIREN. NESKEN KASUAN ,ERAKUTSI ZUTEN MAILAGATIK, ETA MUTILENEAN, FINAL HANDIRAKO PASEA ZEGOELAKO JOKOAN. AZKENEAN CAROLINE MARKS ESTATUBATUARRA ETA JACK ROBINSON AUSTRALIARRA IZAN ZIREN AURTENGO TAHITIKO TXAPELKETAKO GARAILEAK.

Txapelketa hasi aitzin, mutilen rankingeko bosgarren postutik gertu ziren surflarien artean zegoen lehia handiena. Bosgarren postuan zen Yago Dora, seigarren postuan zen Gabriel Medina, zazpigarren postuan zen John John Florence eta zortzigarren postuan zen Jack Robinson ziren Final Handirako pasea eskuratzeko aukera gehien zituzten surflariak.

Robinsonek Dora kaleratu zuen final laurdenetan eta Medinak, ostera, Florence kaleratu zuen; beraz, Medina eta Robinsonen artean geratu zen lehia. Horrela, mutilen finala irailean egingo den Final Handirako pasea eskuratzeko lehia bilakatu zen. Azkenean Robinson nagusitu zen eta, Teahupooko txapela irabaztearekin batera, Final Handirako pasea lortu zuen.

Jada rankingeko lehen bost postuetako bat ziurtatua zuten bi surflari izan ziren nesken finalean. Caroline Marks aurpegiz aritu zen eta puntu andana eman zizkion tubo bikain bat egitea lortu zuen. Caitlin Simmersek bigarren postua eskuratu zuen, baina txapelketan itzelezko ikuskizuna eskaini zuen, zeren ez baita ohikoa hamazazpi urteko neska bat halako olatuetan ikustea.